Itxi

Iris sariak

'El precio de la libertad' saritu du Telebistaren Akademiak

A.E.

EITB

Mario Onaindiaren bizitza oinarri duen telesailaren balioak eta kalitatea nabarmendu dituzte.

EITBren ordezkaritza. Argazkia: EITB.

ETBren El precio de la libertad minisail laburrak Telebistaren Arte eta Zientzia Akademiaren Iris sarietan accesit berezia irabazi du. Akademiak telesailaren balio eta kalitatea nabarmendu ditu. Sari banaketa ekitaldia bart gauean egin zen  Madrilgo Jolas-parkeko auditorioan.

Alberto Surio EITBren zuzendari nagusiak, Ana Murugarren telesailaren zuzendariak, eta Joaquin Trincado ekoizle eragileak jaso  zuten saria. Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendaria ere ekitaldian egon zen.

Iris sarietan beste bi sailetan finalista gelditu da gainera  ETBk sarietara aurkeztutako lanak: aktore onenaren izendapena zuen Quim Gutierrezek  eta telebista musika onenaren izendapena, berriz, Javier Lopez de Guereña musikariak.

Mario Onaindiaren bizitza ardatz duen telesailak jaso ditu beste aipamen batzuk ere: orain gutxi izan zen Montecarloko Jaialdiaren 52. edizioko Urrezko Ninfa sarietan telesail labur onenaren sailean izendatu dute. Halaber, Donostiako Zinema Jaialdian aurkeztu ostean, ETBn audientzia nabarmena izan zuen.

Mario Onaindiaren bizitza du ardatz lan honek. Historia thrillerra da. Euskadiren eta Espainiaren historia hurbila gogora dakar Mario Onaindiaren bidez. Aitzindari izan zen Onaindia. Francoren garaian heriotza zigorra ezarri zioten Burgosko prozesuan eta urte batzuk beranduago ETAk kondenatu eta heriotzarekin mehatxatu zuen, "guztia, demokraziaren alde, Eskubide Estatuaren alde eta askatasunaren alde egiteagatik, askatasuna, hiritarraren askatasunaren zentzu zabalean hartuta, alegia".

Aktore taldean, Quim Gutierrezek Mario Oraindiarena egiten du; Andres Herrera da Teo Uriarte, Mikel Losada Txutxo Abrisketa eta Leyre Berrocal Esozi Leturiondo. Horrez gain, Chete Lerak Isidro Infante hezurmamitzen du, Xavi Boadak Roson ministroa eta Patricia Urrutia, berriz, Ustaranen emaztea da. Horiek dira, besteak beste, aktore nagusiak, baina beste zenbait aktore ezagunek osatzen dute lan-talde zerrenda.

El precio de la libertad lanak telesail labur itxura du. Bi atalez osatu da eta bakoitzak 75 minutu irauten ditu. Kultura Ministerioaren laguntza du ICAAren bidez, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarena, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren bidez.