Bigarren denboraldia
Lokaleroen topaketa eta sari banaketa, gaur Zornotzan
A.H.
EITB
Lokaleroak saioaren bigarren denboraldiari amaiera emateko topaketa prestatu dute Amorebieta-Etxanoko jaietan. ETB-3k topaketaren gaineko saio berezia eskainiko du.
ETB-3ko 'Lokaleroak' saioak topaketa berezi bat egingo du gaur saioaren bigarren denboraldiari amaiera emateko. Zornotzako festetako programaren parte izango da topaketa eta Ixerbekoako txosnetan ospatuko da.
Eguerdiko 13:00ak aldera hasiko dira ospakizunak eta ordutik aurrera, trikitilariak, herri-bazkaria eta hainbat txapelketa antolatuko dira hurbilduko diren lokaleroen artean. Bestalde, Uxue Urdin kantautoreak kontzertuei hasiera emango die arratsaldeko 17:00etatik aurrera, eta 'Lokaleroak' saioren bigarren denboraldi honetan parte hartu duten lokaleroen taldeek ere eszenatoki gainean jotzeko aukera izango dute, horien artean, Vianako Smoking Hil eta Herri Oihua Barakaldoko euskal rap taldea.
Arratsaldeko 20:00etan sari banaketari ekingo diote, Jon Gomez Garaik aurkeztuta. Mungiako lokala izan da aurtengo irabazlea, interneteko erabiltzaileen artean boto gehien jaso ondoren. Baina beste hainbat sari ere banatuko dira: lokalik ederrena, anfitrioi onena, zuzeneko onena, etab.
Mungiako Belako taldeak, aurtengo Gaztea Maketa Lehiaketako irabazleak, gaueko giroa pil-pilean jarriko du. Eta amaitzeko, Zornotzako Zirkinik Bez taldearen erromeria izango da.
'Lokaleroak' saioak topaketaren barruan ospatuko diren ekitaldi guztien gaineko saioa egingo du ETB-3n emateko.
Sariak
Bigarren denboraldi honetako lokalik onena zein izan den erabakitzeko aukera interneteko erabiltzaileek izan dute eta 15 finalisten artean aukeratu behar izan dute. Irabazlea, esan bezala, Mungiako lokala izan da eta Barakaldokoek, bere aldetik, bigarren postua eraman du.
Viajes Eroski eta PortAventuraren eskutik, mungiarrek Costa Dauradan aste beteko egonaldiaz eta Port Aventuraz gozatzeko aukera izango dute. Barakaldoko gazteek, berriz, bazkaria izango dute Amorebieta-Etxanoko Ibarra sagardotegian.