Itxi

''Puntodoc''

"La noche en la que Euskadi se inundó" saio berezia, ostiral honetan, zuzenean, ETB2n

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Xabier García Ramsdenek aurkeztuta, orain 40 urteko uholdeak gogoratuko dituzte, hondamendia bizi izan zuten hainbat pertsonen testigantzen bitartez. Zuzenean egingo dute saioa, Bilboko Abba Euskalduna hoteleko terrazatik, 22:15etik aurrera.

1983ko uholdeen irudi bat, EITB Mediaren bideo batetik ateratakoa

1983ko uholdeen 40. urteurrena dela-eta, ostiral honetan, abuztuak 25, "La noche en la Euskadi se inundó" saio berezia eskainiko du EITBk, Xabier García Ramsdenek aurkeztuta. 22:15ean hasiko da emanaldia, ETB2n eta eitb.eus-en, zuzenean, Bilboko ABBA hoteleko terrazatik.

Testigantzetan oinarritutako saioa izango da, duela 40 urte Euskal Herria eta bereziki Bilbo astindu zuen hondamendi hura gogoratzeko. Horretarako, hainbat lagun hartuko ditu García Ramsdenek set-ean.

1983ko abuztuaren 26an euri-jasa etengabeak jasan zituzten Euskal Herriko ehundik gora udalerrik. Euriak Gipuzkoatik Bizkaira jo zuen, ekialdetik mendebaldera, bidean suntsiketa eta heriotza utzita. Nerbioi ibaiak ezin izan zion ur emariari eutsi, ezta harekin zetozen zuhaitz, hondakin eta gainerakoei ere. Laudio (Araba) parean gainezka egiten hasi zen eta urak Laudio, Basauri, Galdakao, Etxebarri, Arrigorriaga eta, bereziki, Bilbo hartu zituen.

Hondamendi hark dozenaka biktima utzi zituen (zifra ofizialik gabe, 34 pertsona hil eta  5 desagertu zirela estimatzen da). Kalte materialak, berriz, garai hartako 200.000 milioi pezetatik gorakoak izan ziren (egungo 1.200 milioi euro). Negozio askok ez zituzten berriro ateak ireki.

Milaka tona lokatz eta hondakin pilatu ziren (ibilgailuak, etxe-tresnak, obratako materialak…); eta, berehala, ehunka boluntario hasi ziren hondakin horiek garbitzen, oraindik gogoan dugun elkartasun adibide ikusgarrian.

Saioak egoera hura ikusi eta bizi izan zuten hainbat lagunen testigantza jasoko du, baita hondamendiari bertatik bertara aurre egin behar izan zioten zenbait profesionalena ere. Besteak beste, honako hauek izango dira set-ean: Jose Mari Amantes, Moskotarrak konpartsako eta Bilboko Aste Nagusiko jai batzordeko kidea 1983an; Jose Antonio Nielfa La Otxoa; Ricardo Olabegoya Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko zuzendaria 1983an; Jon Ojanguren Bermeoko Gurutze Gorriko arduraduna 1983an; Margarita Martin Aemeteko meteorologoa eta dibulgatzailea; Itziar Mena (martxan jarri berri ziren ETBko albistegietako kazetaria) eta Juan Carlos De Rojo (Radio Bilbaoko kazetaria garai hartan); eta Eneritz Enderika Trikimailu konpartsako kidea, Bilboko Konpartsak-ek antolatutako Elkarlan uholdeak omenaldian parte hartu duena.

Gainera, EITBren irudi eta fonotekako artxiboa erabiliko dute Euskal Herriak jasan duen hondamendi naturalik larrienaren erretratua egiteko.

"La noche en la Euskadi se inundó" saio berezia Euskal Telebistako "Puntodoc" ostiraletako espazioaren barruan eskainiko da, 22:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.