Itxi

22:15ean

'Madalena Eguna' saio berezia, gaur ETB-1en

A.H.

EITB

Ohitura luzeko festa honen inguruko hainbat bitxikeri azalduko ditu erreportaje bereziak.

Saio berezia

ETB-1ek 'Madalena Eguna' saio berezia eskainiko du gaur gauean, eta Mundaka, Bermeo eta Elantxobe herri bizkaitarretan ospatzen den festaren inguruko ikuspegi bitxi eta alaia eskainiko du. Berde Produkzioak ekoiztetxearen eskutik ('Amerikanuak' dokumentalaren egileak), Euskal Telebistak Madalena eguneko giroa bizitzera gonbidatuko ditu ikus-entzuleak, kostaldeko hiru herri hauetan hainbat jende biltzen duen jai-giroan murgiltzera, alegia.

Elantxobeko aldapak gora eta behera eta Bermeoko portuan barrena, bertako jendearen festen ikuspegia izango du saioak, eta azkeneko urteetan Madalena egunak eta festak berak izan dituen aldaketak ezagutuko ditu. Gainera, inguruko hainbat pertsonaia esanguratsuekin ibiliko da solasean, eta eguneko ekitaldi nabarmenen lekuko izango da.

Kondairak dioenez, hiru herrien arteko lehia zahar batean du jatorria Madalena eguneko jaiak. Mundaka, Bermeo eta Elantxobe, hirurek aldarrikatzen omen zuten Izaro uhartearen jabetza, eta lehiarekin amaituko zuen erronka bat pentsatu zuten: arraunean Izarora helduko zen lehenengo herria bihurtuko zen irlaren jabe. Bermeok eta Mundakak parte hartu omen zuten lasterketan, eta Elantxobek epaile lanak egin zituen. Saioak lasterketa honen errepikapena eskainiko du eta kondaira honen inguruan argitu gabe geratu diren hainbat sekretu argitzen ahaleginduko da.

'Madalena Eguna' gaur emango da 22:15etik aurrera ETB-1en.


Bideoak (1)