Itxi

22:15ean

"Generación Porno" dokumental sailaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB MEDIA

Leer en Castellano

'Porno a 2 clicks' (pornoa 2 klikera) da lehen atalaren izenburua. Besteak beste, jorratuko dute nerabeek estreinakoz pornoa zein adinetan kontsumitzen duten eta pornoa eskuratzeko duten erraztasuna. Ondoren, eztabaidarako programa berezia egongo da, Arantza Ruizek aurkeztuta.

"Generación Porno" saioaren irudia

Gaur gauean estreinatuko du EITBk "Generación Porno" dokumental saila, lekukotasun eta datu argigarrien bitartez, nerabeen eta sexuaren arteko egungo harremana filtrorik gabe erakutsiko duen saioa. Guztira lau atal izango dira, eta ostiraletan izango dira ikusgai, ETB2n eta eitb.eus-en, 22:15etik aurrera.

Gainera, emanaldiaren ostean, eztabaidarako programa berezia ere eskainiko da  lehen eta azken atalen ondoren; "Generación Porno A Debate" izango da saio bereziaren izena, Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegi zuzendariaren eskutik. Gaur bertan izango dugu lehen debatea, 23:30ean.

TV3ren, ETBren eta Shine Iberiaren arteko koprodukzioa da "Generación Porno". Tonu zorrotz baina lasaian, ageriko errealitate kezkagarri baten erretratua izan nahi du: pornoaren industria belaunaldi berrien bizitza sexuala markatzen ari da. Dokumental sailean, zuzenean solastuko dira nerabe, haien guraso, porno industriako profesional eta sexu-hezkuntzako adituekin. Programaren helburua da, hain zuzen ere, gure nerabeak jasotzen ari diren sexu-heziketaren ingurukoak ikusleari erakustea, entretenitzea eta, batez ere, gogoeta eginaraztea. Izan ere, nerabeentzat ez da beharrezkoa pornoa berariaz bilatzea hura aurkitzeko.

'Generación Porno' dokumental sailaren irudia

Porno a 2 clicks

Hain zuzen ere, pornoa lortzeko erraztasuna da aste honetako kapituluaren ardatzetako bat, Porno a 2 clicks (pornoa 2 klikera) izenburupean.

Bertan, zenbait nerabek azalduko dute nola eta zergatik kontsumitu zuten pornoa lehen aldiz, zein adinetan, zer ikusi zuten eta horrek nola markatu zituen; gainera, gurasoek deskubrituko dute eurek uste baino askoz lehenago hasi zirela seme-alabak pornoa ikusten. Izan ere, ikerketa batzuen arabera, pornoarekiko lehen harremana bederatzi urte inguruan gertatzen da haur askoren kasuan.

Horrez gain, ostiraleko atalean, publizitateari esker pornoak adingabeak aurkitzeko duen erraztasunari buruz hausnarketa egingo dute, eta bertan zer bilatzen duten ere aztertuko dute, tartean eduki aberranteak ere jorratuz. Adituek, gainera, taldeko sexua zer den azalduko dute, eta zergatik dauden eduki ikusienen artean emakumeak bortxatuak diren klipak. Horri lotuta, aztertuko dute nola eragiten dien horrek gazteei eta gazteenek sexuari dagokionez dauzkaten espektatibei.

Hainbat aditu eta profesional arituko dira lehen atal honetan: Jose Luis García, psikologo, sexologo eta Tus hijos ven porno lanaren egilea; Imma Sust, sexu dibulgatzailea; Erika Lust, helduentzako zinema zuzendaria; Pere Estupinyà, zientzia dibulgatzaile eta s = ex ^ 2, La Ciencia del Sexo liburuaren egilea; eta Marc Masip, teknologia berriekiko mendekotasuna jorratzen duen psikologoa.

"Generación Porno A Debate"

Dokumental sailaren lehen atalaren estreinaldiaren ondoren, gure gizartean tabu den gai hau ikusaraztea helburu duen solasaldi saio berezia gidatuko du Arantza Ruizek. Horretarako, hainbat aditu hartuko ditu: Maider García de Vicuña, sexologo eta ikastetxeetan hezitzailea; Miren Cía, familia-hezitzailea; José Luis García, sexologo eta pornografian eta nerabeetan aditua; indarkeria matxistatik bizirik atera den Marina Marroquí gizarte-hezitzailea; eta zinema pornografikoko ordezkari gisa Silvia Rubí aktore eta porno-zuzendaria. Gainera, pornografiarekin duten harremana lehen pertsonan kontatuko duten gazteen testigantza izango dute.

Beste ahots batzuk ere izango dira entzungai saio berezian, besteak beste, Jorge Bermudez Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzako Informatika Kriminalitatearen Sekzioari atxikitako fiskala, Zuriñe Ojeda Betaurreko Moreak elkarte feministako ordezkaria eta Oiane Sagasti "Generación Porno" dokumental sailaren zuzendaria. Erakunde publikoetako ordezkariak ere egongo dira, besteak beste, UPV/EHU eta Ertzaintza; eta dokumentazioan eta gizarteari zuzendutako gomendioak egiten lagundu duen Pantallas Amigas elkarteko ordezkaria ere.

Irailaren 7an Gasteizko FesTValen aurkeztu ondoren, aurrestreinaldia egin zen Azkuna Zentroan; eta PRIMERAN plataforman ere estreinatu da lana, euskaraz. Orain, Euskal Telebistan izango dugu ikusgai, ostiral honetatik aurrera, 22:15ean ETB2n eta eitb.eus-en-

Apustu berri honekin, EITBk indartu egin nahi du heziketa eta eraldaketa sozialerako eragile aktibo gisa duen eginkizun eta erantzukizuna, ikus-entzunezko edukien bidez gizartea hobetzen laguntzeko asmoz.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)