Itxi

Gaur, 22:00etan

'Gure amamak' saioaren estreinaldia, ETB-1en

A.H.

EITB

Lekeitioko Ane Miren Susaeta eta Zegamako Mª Dolores Goya amamek beren errezeta preziatuenak prestatuko dituzte: bakoitzaren istorio pertsonalera eramango gaituzten errezetak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ETB-1ek 'Gure amamak' saioa estreinatuko du gaur eta Lekeitiko Ane Miren Susaeta eta Zegamako Mª Dolores Goya hartuko ditu protagonista. Beren errezetarik preziatuenak prestatuko dituzte eta errezeta horiek hainbat oroitzapen ekarriko dizkiete burura. Horrela, sukaldean diharduten bitartean, bere bizitza eta istorio pertsonalean murgilduko dira.

Ane Miren Susaeta Lekeitiarra da eta bere familia itsasoaz bizi izan da beti. Hori dela eta, bere errezetak itsasoarekin zuzeneko erlazioa izango dute: lapak saltsa berdetan eta antxoak. Mª Dolores Goya ordea, Zegaman bizi da eta berak dioenez, ez du inoiz ezer behar izan. Bere etxean sukaldariak izan ditu beti, baina sukaldea oso gustukoa du. Izebak erakutsitako errezeta bat prestatuko du: Untxia ardo beltzean.

Errezeta bakoitzean oinarrituz, familia baten zein herri baten historia berreraikiko du saioak, janari horrek gogora ekartzen dituen oroitzapenen bidez. Amama bakoitzak errezeta prestatzen jarriko da eta besteak beste, beren haurtzaro eta gazterian bizitza nolakoa zen gogoratuko dute, nola bizi izan zituzten gure historiako momenturik garrantzitsuenak, zeintzuk ziren orduko balore eta ohiturak, familia ekonomia nolakoa zen eta horrek zein bizimodu izatera eramaten zituen azalduko dute.

Amama horien oroitzapenetan barrena murgilduko da saio Euskal Herriko historiaren berri izateko, istorio pertsonalek osatutako ikuspuntu historiko bat osatuz.

'Gure amamak' gaur gauean emitituko da 22:00etik aurrera ETB-1en.

Bideoak (1)