Itxi

Gaur gauean

'Hau Ez da Finlandia!' abentura gastronomiko atipikoa, ETB-1en

A.H.

EITB

De La Mazako Kondea eta Sir Anthony Worldgate jaun agurgarriak, benetako euskal gastronomian murgilduko dira Donostian.

De la Mazako Kondea eta Sir Atnhony Worldgate. Argazkia: EITB

ETB-1ek 'Hau Ez da Finlandia!' saioa eskainiko du, euskal gastronomiaren barruan ahaztuta edo ezkutatuta geratu diren jateko joeren berri emateko. Baina gure sukaldearen oso ikuspuntu berezia eskainiko du saioak, bi bizizale eta abenturazaleren eskutik ezagutuko baititugu euskal gozamen ezezagunenak. Haiek, De la Mazako Kondea eta Sir Atnhony Worldgate jaun agurgarriak izango dira, Ingalaterrako Isabel II erreginak espresuki Euskal Herrira bidalitakoak.

Xabier de la Maza eta Andoni Munduate aktoreek emango diete bizia bi pertsonaia dibertigarri horiei, eta bidaia arin eta entretenigarria prestatu dute. Mahaiko plazer liluragarrienak azalduko dituzte, betiere oso prezio baxuetan.

Beti hitz egin dugu oso maila altuko euskal sukaldari ezagunei buruz, baina herritarrok ez dugu normalean jatetxe horietara joateko aukerarik. Horregatik, Ingalaterratik etorritako bi bidaiari hauek, gure etxetik oso hurbil eta denon eskuetan dauden platerak eta proposamenak egingo dizkigute.

Gaur Donostian ibiliko dira, gastronomiaren hiriburuan, hain zuzen, eta besteak beste, janari gozoa eta merkea eskintzen dituzten tokiak ezagutuko dituzte. Gainera, jakin badakite Donostiak duen ukitu aristokratikoa, eta hirira uda pasatzera hurbiltzen diren pertsonaia ezagunekin egon nahi izango dute.

Debolex Films eta La Salsera Transmedia Services ekoiztuta, 'Hau Ez da Finlandia' saioa, 'doku-gastro-fikzio' bat da, beren sortzaileen esanetan. Saioaren helburua gainera, gure inguruko janariaren tenpluak ezagutzera ematea da, eta baserritarren, sukaldarien eta ostalaritza sektorearen lana aldarrikatzea da.