Itxi

250 programa

"Vascos por el Mundo" saioak irudi eta sintonia berriarekin ospatuko du munduari egindako ehungarren bira

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Mikel Urmeneta artista arduratu da sormen grafikoaz; eta Pello Reparaz konpositorea, berriz, sintonia berriaz.

"Vascos por el Mundo" saioaren irudi berriaren aurkezpena Miramon. EITB

EITBko "Vascos por el Mundo" saioak etenik gabeko 250 programen langa gainditu du, hots, munduari ehungarren bira. 2018an hasi zen ETB2n eta, Balira egindako lehen bidaia hartatik igande honetan Vietnamera egingo duen bidaiara arte, 4 milioi kilometro egin dituzte, munduari 100 bira emateko moduko kilometro kopurua. "VXM"ko erreportariek, guztira, 75 herrialde eta 900 hiri baino gehiago bisitatu dituzte jada.

Lorpen hori behar den bezala ospatzeko, EITBk eta Txakoligorri ekoiztetxeak irudi grafikoa eta sintonia berritzea erabaki dute, besteak beste, beren ekosistema digitala ere indartzeko. Horretarako, euskal kulturaren bi talentu handiren laguntza izan dute: sormen grafikoaz arduratu den Mikel Urmeneta artista, sortzaile eta marrazkilaria, nazioartean ibilbide sendoa duen kultur erreferentea; eta Pello Reparaz musikari, konpositore eta musika ekoizlea, euskal musikan talentu ezaguna, sintonia berriaren sorkuntzan. Pellok hamarkada bat baino gehiago darama telebistarako konposizioekin, kontzertuekin eta kolaborazioekin.

Irudi eta sintonia berriaren aurkezpena egin da Miramonen
(Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria; Mikel Urmeneta, marrazkilaria eta irudi berriaren sortzailea; Joana Etxabe programako kazetaria; Luis Hernández produktore exekutiboa)

Urmenetak sortutako identitate bisual berriak marka-irudia, logotipoa, goiburua eta grafismoak biltzen ditu, bai telebista programan, zein webgune, sare sozial eta merchandisingean. Hiru pertsonaiaz osatutako totem bat sortu du Urmenetak. Airea, lurra eta itsasoa irudikatzen dituzte, eta jendeak izena ere jarri ahalko die. Euskal sinbologiaren barru-barrutik jaio dira, munduan zehar bidaiatzeko eta Euskaditik kanpoko eta barruko euskaldun guztiak hurbiltzeko. Gailurrean, txapela eta lauburua dituen hegodun pertsonaia gorri bat irudikatu du, hegan egiten duen bidaia sinbolizatzen duena; erdian, berriz, natura munduko izaki berde bat (haritz-hosto batekin eta Nafarroako Erriberako orburu batekin), lurretik mugitzeko erabiltzen dituen gurpilekin; behealdean, azkenik, nabigatzen duen bale/itsasontzi bat, traineru-arraunekin.

Totemaren oinarria programaren logoa da, eta bidaien bi noranzkoak islatzen dituzten bi gezi, alde batera zein bestera, mugimenduaz, eta jatorriaz eta helmugez hitz egiteko. Erdialdean mapa ireki bat dago, gorriz, berdez, zuriz eta beltzez margotuta, eta bertan "VXM" saioaren hiru letrak, modernoaren eta primitiboaren artean, Euskal Herriko tipografiatik oso gertu. Urmenetaren hitzetan, "euskal totema sustraia eta mugimendua irudikatzen duten hiru lagunek osatzen dute, eta bidaiatzen duen herri baten koloreak eta sinboloak dituzte".

'VXM' saioaren logoa

Sintonia berrirako Pello Reparazek euskal instrumentu tradizionalak berreskuratzen dituen konposizioa egin du, Euskal Herritik mundu osora zabaltzen duen euskaldun guztientzako batasun besarkada bat bidaltzen duena. "Oso pieza argitsua da, eta herri-musikaren estraktu bat, Urmenetak sortu duen obrarekin bat datorrena. Kolorea dago, mugimendu fisikoa dago…", esan du Reparazek berak sintoniari buruz. "Zorte handia izan dut, Selva Barón eta Janus Lesterrekin lan egin ahal izan dudalako euskarazko letradun melodia honi ahotsa jartzeko. Distira, alaitasuna eta mugimendua eman dizkiote; melodia oso dinamikoa eta moldaketa oso mugituak, "Vascos por el Mundo" saioak egin ohi dituen bidaien ezaugarrien mailan", azaldu du musikariak.

Txakoligorri ekoiztetxeak EITBrentzat ekoitzitako saioa da "Vascos por el Mundo", eta astero emititzen da, igandeetako ordutegi nagusian, 22:30ean, ETB2n, eitb.eus-en eta EITB Nahieran-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)