Ospakizuna
EITB, 30. urteurreneko ospakizunetan sartuta
A.A.
EITB
Gala berezia egin da Bilboko egoitzan, Ilaski Serranok eta Carlos Soberak gidatuta. Oscar Terolek prestatu duen ekitaldi honetan telebistan aritutako lagun askok parte hartu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Irrati Telebistak 30. urtemuga ospatzeko ekitaldi berezia egin du ostegun honetan, 19:30ean, Bilboko egoitzan. Ilaski Serranok eta Carlos Soberak gidatu duten gala honetan komunikazio taldearen historian barrena errepasoa egin dute, saio eta aurkezle esanguratsuenak gogora ekarriz.
Ekitaldiaren gidoia Oscar Terolek idatzi du. 30 urteotako irudi bilduma erakusteaz gain, hainbat aurkezle igo dira taula gainera: besteak beste, Juanma Lopez Iturriaga, Iñaki Perurena, David de Jorge, Yolanda Alzola, Txetxu Ugalde, Xabier Euzkitze, Edurne Ormazabal, Txema Vitoria Txiribiton eta David Barbero. Bestalde, Asier Hormaza, Santi Ugalde, Anjel Alkain eta Iñake Irastorzak, Oscar Terolekin batera, umore puntua jarri dute.
Irrati, telebista eta oro har ikusentzun alorrean diharduten profesionalekin batera, euskal gizartearen ordezkaritza zabala bildu da EITBren 30. urteurreneko ekitaldira, politika, kirol, kultura eta gizarte mundukoak.
Hiru hamarkada
30 urteen errepasoa hamarkadaka egin dute. 80koan lehen urratsak nola eman ziren azaldu dute: Estatuko lehen telebista autonomikoaren sorrera, ikasteko gogoz eta ilusioz beteriko taldearen eskutik. Horietako zenbait profesionalek Hamburgora egindako bidaia ere gogora ekarri dute; lehen emanaldia, 1982ko abenduaren 31n; hilabete lehenago, Euskadi Irratiaren sorrera eta gerora, beste bi irratiena, Radio Euskadi eta Radio Vitoria. 1986an Euskal Telebistaren bigarren katea jarri zen abian.
90eko hamarkadan, EITBren proiektua sendotuz joan zen. Telebista formatu berrietara egokitzeaz gain, nazioarteko emanaldiak hasi ziren: lehendabizi Galeuscarekin eta ondoren ETB Sat (Europa) eta Canal Vasco (Amerika) kateen bidez.
Mende berriak digitalizazioa ekarri du eta horrekin batera, multimedia edukiak (eitb.com eta eitb.tv) eta kate berriak: ETB-3 (haur eta gaztetxoei zuzenduta) eta ETBK (kirol eskaintza zabalarekin).