Itxi

Hirugarren edizioa

'El Conquistador del Aconcagua' saioa igandean hasiko da ETB-2n

Aconcaguaren gailurrera iristea izango da lehiakideen helburua, eta partaideen artean hainbat aurpegi ezagun ikusiko dira.

Saioaren aurkezpena Gasteizko Festval de Gasteiz. Argazkia: EITB

'El Conquistador del Aconcagua' muturreko abentura saioa igande honetan itzuliko da Euskal Telebistara. Aurreko edizioetan bezala, Juanito Oiarzabal mendizalea izango da espedizio-burua eta Julian Iantzi saioaren aurkezle eta gidaria. Mendian gora abiatuko dira lehiakide ezagunez eta ezezagunez osatutako taldea, jakinda, Aconcagua mendiaren gailurrera iristea gutxi batzuek lortuko dutela soilik.

Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango ditu aurrekoekin alderatuta. Hala, aurten pertsona ezagunek eta ezezagunek jardungo dute lehiakide gisara. Iaz lehiakide guztiak anonimoak ziren Mikel Goñi pilotari ohia salbu, baina nafarrak erronka pertsonal gisara hartu zuen abentura eta inoiz ez lehiakide moduan. Hirugarren edizio honetan zazpi pertsona famatu eta zazpi pertsona anonimo izango dira lehiakideak. Beraz, famatuek lehiakide anonimoen baldintza berdinetan lehiatu eta borrokatu beharko dute, Aconcaguako gailurrean, 6.962 metrora, egongo den ikurrina astindu nahi badute.

Dagoeneko ezagutzen ditugu abenturan parte hartuko duten pertsona ospetsuak, guztiak ere kirolariak, musikariak edo aktoreak. Andoni Agirregomezkorta aktore eta telebistako aurkezleak esaterako platoetako goxotasuna utzi eta Aconcaguara abiatzea erabaki du, Serafín Zubiri abeslariarekin batera. Musikaria itsua da eta beraz, gainerako lehiakideek baino traba gehiago gainditu beharko ditu. Era berean, ordea, Aconcaguako gailurra zapaldu duen bakarra da. Izan ere, 1994. urtean ONCE fundazioak antolaturiko espedizio batean parte hartu zuen eta orain, erronka errepikatu nahi du Oscar anaiarekin batera.

Kirolarien artean futbol jokalari ohiak dira nagusi. Iñigo Larrainzar Osasuna, Athletic eta Kordoba taldeetan aritutako atzelari nafarra sasoi betean dago Amerikako gailurrik altuenera igotzeko. Harekin batera, Aconcagua aldera abiatuko da Javier Gurutzeta 'Guru' Realeko jokalari ohi lehiakorra. Eba Ferreira Athleticeko emakumezkoen taldeko jokalari ohiak osatzen du futbolarien hirukotea.

2001ean Frantziako Tourrean etapa bat irabazi zuen Roberto Laiseka Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari ohia, eta 1992ko Albertvilleko Neguko Olinpiar Jokoetan domina eskuratu zuen Blanca Fernandez Ochoa eskiatzaileak osatuko dute zazpikotea.

Famatuekin batera, casting bidez aukeratutako beste zazpi lehiakide anonimo izango dira. Horien artean, David Cote Martinez de Lahidalga, Gasteizeko udaltzaina; Ibai Biaga Rodriguez, arraunlaria; Iñaki Aretxabaleta Galarza, industria ingeniari gaztea; Sara Indurain San Martín, partaide gazteena, nafarra bera; Magdalena Stasiak, poloniarra; Koro Martinez Alonso, minbizia gainditu berri duen emakumea, eta Laura Ros Sanchez, ama ezkongabe eta oso independentea. Elkarren artean oso ezberdinak dira, baina badute ezaugarri komun bat: denak prest daude saioko proba eta dueluak gainditu, eta eguraldi baldintza gogorrei aurre egiteko.

Beste behin ere, Juanito Oiarzabal mendigoizalea izango da espedizioko gidaria. 6.292 metrora dagoen Aconcagua mendiaren gailurrera heldu aurretik, ordea, parte hartzaileek Laguna Horcones (2.580 m), Confluencia (3.300 m), Plaza Francia (4.000 m), Nido de Condores (5.250 m) eta Colera (5.950) kanpalekuetatik igaro beharko dute. Urtero errepikatu ohi den esaldia da, azkenean mendiak bere aukeraketa egiten duela. Erakutsi dezala bada, mendiak bere alderik eskuzabalena.

'Aconcagua 2012' eztabaida saioa, astelehenetan

Iñaki Lopezek 'Aconcagua 2012' eztabaida saioa gidatuko du astelehenetan. Igandeko saioan ikusitakoa aztertuko du bertan, beste hainbat gonbidaturekin batera.



Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)