Aste honetan
Kultur agendaren xehetasun guztiak, 'EITB Kultura 30'en
A.H.
EITB
Saioa Euskal Telebistara itzuliko da kulturari lotutako albiste guztien berri emateko. Astelehenetan ETB-1en etaasteartean, berriz, ETB-2n izango dugu ikusgai.
Udako oporraldiaren ostean, 'EITB Kultura 30' bueltan da. Datorren astelehenean, hilak 17, ekingo dio denboraldiari ETB-1en eta asteartean, 18an, berriz, ETB-2n. Kulturari lotuta gure inguruan dauden berrikuntza gustiak erakutsiko dizkigu saioak.
'EITB Kultura'ren denboraldi berria Getxophoto jaialdiarekin hasiko dugu. Nazioarteko hogei bat egilek hartuko dute parte bertan, haurtzaroari buruz daukaten ikuspegia erakusteko. Iraila osoan izango dira ikusgai artista bakoitzaren proposamenak. 'EITB Kultura 30' Getxoko kaleetan barrena ibiliko da 6. Getxophoto ezagutzeko.
Gainera, Donostiako Zinemaldia ere izango du hizpide saioak. Irailaren 21etik 29ra izango da Gipuzkoako hiriburuan nazioarteko zinema jaialdi ezaguna eta 'EITB Kultura'k aurten izango den film-eskaintzaren errepasoa egingo du. Proposamenetako bat izango da Oskar Alegria iruindarraren Emak Bakia dokumentala. 'Foto-movie' bat da eta Lapurdiko kostaldean lau urtez egindako ikerketa-lanaren emaitza da.
Gainera, 'EITB Kultura'k Michel Gaztanbide gidoigile donostiarra hobe ezagutzeko ahalegina egingo du. Zinemira Saria eskuratuko du Gaztanbidek bere ibilbide luzean hainbat eta hainbat filmetarako egindako gidoiei esker. Harekin hitz egingo dute, ibilbide horretako film onenak eta haren oroitzapenak errepasatzeko.
Amaitzeko, musikarik ere ez da faltako denboraldi berriari ekiteko. Capsula taldearekin izango gara. David Bowieren Ziggy Stardust & The Spiders from Mars diskoko kantuen moldaketak bildu dituzte lan berri batean. Horretarako, New Jerseyko Hoboken hirian (AEB) dagoen Watermusic estudioetara jo dute, bertan grabatu eta nahastu baitituzte kantak. Diskoa urrian argitaratuko dute.