Estreinaldia
Udaz gozatzeko planik onenak proposatuko dizkigu Leire Torrek "La Otra Cara" saioan
EITB Media
Astelehenean ETB2n estreinatuko den erreportaje saioak Euskal Herrian barrena ibilaldia egitera gonbidatuko gaitu, istorio eta pertsonaia bitxienen bila; hau da, ezagutuko dugun errealitatearen beste aurpegiaren bila.
"La Otra Cara" saioa estreinatuko da datorren astelehenean (uztailak 8) ETB2n, Leire Torreren eskutik. Bertan, gure herri eta hirietako jaiak zein udan bisitatzeko aproposak diren lekuak ezagutu ahal izango ditugu, protagonistak ardatz hartuta. Telerrealitateko erreportajeen formatu honek Euskal Herrian barrena ibilaldia egitera gonbidatuko gaitu astero, istorio eta pertsonaia bitxienen bila; hau da, ezagutuko dugun errealitate horren beste aurpegiaren bila.
Lehen atalean, Santiago Bidea egiten ari diren erromesen kontakizunak bilduko dituzte, hondartzetako sorosleekin izango dira eta Euskadiko igerilekurik handiena bisitatuko dute.
"La Otra Cara" saioa astelehenero izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en 22:30ean.