Itxi

Gauean

'Gernika bajo las bombas' Donostiako Zinemaldian estreinatuko da

Luis Mariasek bonbardaketaren inguruan zuzendutako fikziozko telesail laburra urriaren 2an emango da ETB-2n. Aurre estreinaldia Victoria Eugenian izango da gaur gauean.

'Gernika bajo las bombas' filmeko lan-taldea. Argazkia: EITB

'Gernika Bajo las Bombas' Victoria Eugenia antzokian emango da gaur gauean, EITBk Donostiako Zinemaldian antolatu duen aurre estreinaldian. Lan-taldearen ordezkaritza zabala izango da gaueko emanaldian.

Luis Mariasek idatzi eta zuzendutako 'tvmovie'ak Genikak jasan zuen Gernikako bonbardaketa du oinarri. Felix Linaresek aurkeztutako 'La Noche de' bereziaren barruan emango da saioa telebistaz urriaren 2an.

Erpin 360º, Vértice Cine eta Baleukok ekoitzi dute elkarlanean 'Gernika Bajo las bombas'. Halaber, ETBrekin batera, TV3,TVG eta Canal Surrek hartu dute parte produkzioan, eta ICAA eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere izan dute.

'Gernika bajo las bombas' lanak bi atal izango ditu; bakoitza 75 minutukoa izango. Elkarren artean lotura duten hainbat istorio kontatuko dituzte. Istorioetako batzuk benetako pertsonaia historikoak dituzte oinarri; beste batzuk, berriz, fikziozkoak. Kontakizun anitz hauen lotura, Gernikako herriak 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioarengandik jasandako eraso ikaragarria.

Aktore taldea

Aktore taldean, Marc Clotet, Aitor Mazo, Lander Otaola, Teresa Calo, Egoitz Sanchez, Sara Casasnovas, Roberto Alvarez, Antonio Dechente, Pep Tosar eta Ramon Bareak hartzen dute parte. Une eta garai zehatz hartako Gernikako gizartearen isla izan nahi du lan honek. Horrez gain, gerrak uzten dituen ondorioen historia unibertsala ere izan nahi du.

Fitxa teknikoa
Ekoizpenean lan-talde zabala aritu da: 60 teknikari, 43 aktore eta 700 lagunetik gora aritu dira figurante. Donostian, Hernanin, Oñatin, Oiartzunen eta Burgosen ibili dira filmatzen. Donostian, hain zuzen ere, Miramar jauregian, Aieteko jauregian eta Villa Soroan barruko irudiak filmatu dituzte.