ETB-2, 14:30ean
Laugarren denboraldiari ekingo dio 'Robin Food'ek
Aurtengo berrikuntzen artean, Bigote de gamba izeneko atala izango dute.
'Robin Food Atracón a Mano Armada' saioak laugarren denboraldia abiatuko du gaur. David de Jorge sukaldaria buru duen taldea indarberrituta eta eduki freskoekin itzuliko da ETB-2ko programaziora, eguerdiro, 14:30ean. Orain arteko ildoari jarraituz, eta ikus-entzuleen harrerari erantzunez, konplexurik gabeko sukaldaritza egingo dute: jaki goxo eta errazak prestatu eta ondo pasa.
Aurtengo udan erronka jarri dio David de Jorgek bere buruari: argaltzea. Jatekoa zainduz eta kirola eginez, helburua lortuko duelakoan dago, eta kementsu dihardu eginbehar horretan. Hamabostean behin, egitasmoa zertan den azalduko die ikus-entzuleei 'Bigote de Gamba' izeneko atal berrian.
Dena den, sukaldaritzaz gozatzen jarraituko duela dio hondarribiarrak: denetariko platerak prestatuko dituzte, garaian garaiko produktuak erabiliz eta bizi dugun krisi egoerara egokituz.
Aurreko denboraldietan finkatutako atalei eutsiko die 'Robin Food'ek. Martin Berasategik inoiz amestu dugun sukaldaritzarik onenaz gozatzeko gonbita luzatuko digu astero 'Alíñame el Día' tartean. Goren mailako errezeta horiek nola prestatzen diren ikasita, arrakasta ziurtatuta izango dugu etxean.
'Bailando con Lobos' atalean, gastronomiaren esparruko kide eta lagunak hartuko ditu gonbidatu David de Jorgek, baina baita, aurreko urteetan bezala, bestelako jardueretan aritzen diren aurpegi ezagunak, eltze artean nola moldatzen diren erakusteko prest direnak. Izena emana dute, besteak beste, Paco Torreblanca, Leo Harlem, Barbara Goenaga, Koldo Rodero eta Gipsy Chef-ek.
Eta ostiraletan, ohi denez, 'Guarrindongaden' tartea zabalduko dute, ikus-entzuleek proposaturiko gastronomía bihurrikeriak prestatzeko.
Betiko sukalde txiki eta dotorean ekingo diote 'Robin Food'eko denboraldi berriari, baina Olentzerori jada eskaera egin diote, eta, laster, leku zabalago eta modernoago batera joango dira, patxada handiagoz lan egiteko.
'Robin Food Atracón a Mano Armada' astelehenetik ostiralera izango da ikusgai ETB-2n, 14:30ean.