Aste honetan
Alex Txikonen 'Nafarroara Oinez' erronka, egunero, ETB-1en
A.H.
EITB
Mendizale ezagunak 47 ardi eramango ditu Lemoatik Urdiainera, eta erronka lortuz gero, San Fermin Ikastolak aurtengo Nafarroa Oinez antolatzeko diru-laguntza lortuko du.
Alex Txikonek erronka bereziari egingo dio aurre aste honetan ETB-1en, 47 ardi eramango ditu Lemoatik Urdianera modu tradizionalean, lokomozio neurririk gabe. Lortuz gero, Zizur Txikiko ikastolak 1.500 euroko diru-laguntza jasoko du aurtengo Nafarroa Oinez ikastolen festa antolatzeko, datorren urriaren 21ean. 47 dira Zizur Txikiko San Fermin ikastolak dituen urteak, eta 47 Alex Txikonek 130 kilometroko ibilbidean zehar eraman beharko dituen ardiak. ETB-1ek erronka honen nondik norakoak eskainiko ditu aste honetan, egunero, eta abenturaren amaiera igandean izango da ikusgai.
Pabi Ostaloza artzainaren laguntzarekin, Alex Txikonek lau egun izango ditu ibilbidea egiteko, eta ardi guztiak egoera onean heldu beharko dira Iruñera. Antzinako artzainen moduan egingo dute ibilbidea, Lemoatik Sakanako zelaietara ardiak larratzera eramaten omen zituzten artzainen moduan, laguntza modernoetatik urrun. Erronka berezi honek hainbat abentura bizitzera eramango ditu, eta, amaiera, aste bukaeran ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek.
Alex Txikonek erronka asko burutu ditu aizkolari eta korrikalari bezala. Alpinista moduan ere ibilbide oparoa osatu du, zortzimilako zortzi mendi igoz. Orain, bakarkako ibilbideari ekin dio, Edurne Pasabanen taldea utzita, eta Himalaiako mendietan, neguan, ibilbide berriak irekitzeko asmoa du. Nafarroa Oinezen aldeko erronka honetan, kirol eta abentura zaletasunak uztartuko ditu: 47 ardi, 130 kilometro eta lau egun. ¿Ardi guztiekin helduko ote da Alex Txikon San Fermin Ikastolara?
'Nafarroara Oinez' egunero emitituko da 21:00etan ETB-1en; igandean, erronkaren amaiera ikusgai izango da gaueko 22:00etatik aurrera.