MIPCOM azoka
'¡Ama, vótame!' saioa, munduko formatu berritzaileenen artean
Erredakzioa
Canneseko MIPCOM azokako 'Fresh TV' atalaren antolatzaileek ETB-2ko 'talent show'aren formatua goraipatu dute.
'Ama, vótame', Pausoka ekoiztetxearen 'talent show' musikala, telebista saio berritzaileen artean nabarmendu dute Canneseko MIPCOM azokan. 'TV Fresh' atalaren antolatzaileek Iñaki Lopezek gidaritzapean ETB-2n emititu zen saioa goraipatu dute, eta aipatzekoa da atal horretan ezagutzera emandako formatuek arrakasta nabarmena izan ohi dutela nazioarteko telebista eskaintzan.
'Fresh TV' MIPCOMen atal kutunetako bat da eta Cannesko Jaialdien Jauregian egiten da, mundu osotik etorritako ikusle profesionalen aurrean. '¡Ama, vótame!' nabarmendu izana mugarria da euskal ikus-entzunezkoen industriarako, 20 bat formatuk baino ez baitu lortzen dute mundu mailako antolatzaileen arreta erakartzea.
The Wit izeneko aholkularitza-etxe suitzarrak hautatzen ditu formatuak. Enpresa horrek garrantzi handia du sektorean, eta munduko telebistetako berrikuntza guztien jarraipen etengabea egiten du. Agentziako zuzendari Virginia Mouselerrek eman du aukeratutako formatuen berri eta, aurten, lema bitxi baten arabera aukeratu dituzte: “Atera nazazu hemendik”, krisiari, atzeraldiari eta gatazkei erreferentzia eginez.
Nazioarteko eragina
'¡Ama, vótame!' ('Mum, vote 4 me', ingelesezko bertsioan) saioaren probako atalak bultzada handia eman dio formatuari. Dena den, aldez aurretik jaialdiaren arreta lortu zuen formatuarekin, saioaren eskubideak erosi dituen Global Agency banaketa enpresak hura zabaltzeko eginiko kanpainari esker. Mundu mailan jarduera bizia duen banaketa enpresa horrek '¡Ama, vótame!' aukeratu du MIPCOMeko kanpainaren produktu gorena izateko, eta formatuak oihartzun handia izango du jaialdian.
Innova Basque Audiovisual Eiken - Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak sortu zuen saioaren formatua, probako saioen ekoizpena sustatzeko ekimen gisa. Horren helburua izan da nazioartean zabaltzeko aukera erraztea eta merkatu berrietara sartzea, grabatutako prototipoen bidez. Innova Basque Audiovisualek hartutako konpromisoaren alderdi batek saioak ETBn ematea bermatzen zuen, eta azken bi aste hauetan emandako saio bereziek erakutsi duten moduan.
Horrez gain, nazioartean zabaltzeko kanpainaren barruan, bihar Innova Basque Audiovisual MIPCOM azokan aurkeztuko da ofizialki, Basque Audiovisualen eskutik. Bertan, ekimenaren antolatzaileek saioaren xehetasunak emango dituzte ezagutzera, eta bertaratutako profesionalei ekimen berri horren lehen aldiaren emaitzak erakutsiko dizkiete, hau da: '¡Ama, vótame!' (Pausoka), '¿Tu o yo?' (3Koma), 'Consejo de Sabios' (Pausoka) eta '¿A quíen señalas con el dedo?' (Bainet).