Itxi

21:10ean

Alex Txikonen 'Nafarroara Oinez' erronkaren amaiera, igandean, ETB-1en

Mendizale ezagunak 47 ardi eraman ditu Lemoatik Urdiainera, eta erronka lortuz gero, San Fermin Ikastolak aurtengo Nafarroa Oinez antolatzeko diru-laguntza lortuko du.

Alex Txikonen 'Nafarroara Oinez' erronkaren amaiera, igandean, ETB-1en

Alex Txikonek erronka bereziari egin dio aurre aste honetan ETB-1en eta abenturaren amaiera igandean izango da ikusgai 21:10ean. 47 ardi eraman ditu Lemoatik Urdianera modu tradizionalean, lokomozio neurririk gabe. Lortuz gero, Zizur Txikiko ikastolak 1.500 euroko diru-laguntza jasoko du aurtengo Nafarroa Oinez ikastolen festa antolatzeko, datorren urriaren 21ean. 47 dira Zizur Txikiko San Fermin ikastolak dituen urteak, eta 47 Alex Txikonek 130 kilometroko ibilbidean zehar eraman dituen ardiak.

Pabi Ostaloza artzainaren laguntzarekin, Alex Txikonek lau egun izan ditu ibilbidea egiteko, eta ardi guztiak egoera onean heldu beharko dira Iruñera. Antzinako artzainen moduan egin dute ibilbidea, Lemoatik Sakanako zelaietara ardiak larratzera eramaten omen zituzten artzainen moduan, laguntza modernoetatik urrun. Erronka berezi honek hainbat abentura bizitzera eraman ditu, eta, amaiera, igandean ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Alex Txikonek erronka asko burutu ditu aizkolari eta korrikalari bezala. Alpinista moduan ere ibilbide oparoa osatu du, zortzimilako zortzi mendi igoz. Orain, bakarkako ibilbideari ekin dio, Edurne Pasabanen taldea utzita, eta Himalaiako mendietan, neguan, ibilbide berriak irekitzeko asmoa du.

Nafarroa Oinezen aldeko erronka honetan, kirol eta abentura zaletasunak uztartu ditu: 47 ardi, 130 kilometro eta lau egun. ¿Ardi guztiekin helduko ote da Alex Txikon San Fermin Ikastolara?