Larunbatean
25 lehiakide, eta 3.000 euro jokoan, 'Kantuan' saio eraberrituan
Lehiaketa formatua izango du larunbatean hasiko den 'Kantuan' saioak, eta, Julian Iantzik aurkeztuta, Euskal Herriko kantari onena bilatzea izango du helburu.
'Kantuan' bueltan da. Eraberrituta dator, ordea, Julian Iantzik aurkeztutako saioa. Lehiaketa formatuan itzuliko da, larunbat gauean, 21:50ean, ETB-1eko programaziora. 25 kantari ikusiko ditugu lehen saioan, 3.000 euroko saria eskuratzeko lehian.
Euskal Herriko kantari onena bilatzea izango du helburu saioak eta, horretarako, ezinbestekoa izango da hiru epaimahaikideren lana: Joli Pascualena (aktorea eta Demodé Quartet taldeko kantaria), Iñigo Arbiza (kantaria, ONCEko komunikazio burua, eta musika kritikaria Noticias de Gipuzkoa' egunkarian), eta Joseina Etxeberria (Gaztea irratiko 'Dida' saioko esataria). Euren esku izango da lehiakideen etorkizuna.
Sei saio izango ditu 'Kantuan' lehiaketak. Larunbat honetan emango dugu lehena eta 25 kantari arituko dira lehian. Bakoitzak minutu bakarra izango du abesti bat epaimahaiaren aurrean kantatzeko (norberak bere kantua aukeratuko du). Abestu ostean, epaimahaiak aho batez erabakiko du zer gertatuko zaion lehiakideari: aurrera egingo duen, zalantzan geldituko den, edo, zuzenean, lehiaketatik kanpo geldituko den. Zalantzan geldituko diren lehiakideek beste kanta bat egiteko aukera izango dute, taldeka, epaimahaia konbentzitzeko.
Larunbatean ikusiko dugu 25 kantari horietatik zenbatek gaindituko duten lehen saioko erronka. Lehian jarraituko duten partaideek ez dute aldez aurretik jakingo, aldi bakoitzean, zenbat abeslarik utzi beharko duen lehiaketa. 'Kantuan' saio bakoitzaren hasieran jakinaraziko du Julian Iantzik bat, bi edo hiru geldituko diren kanpoan.
Azken saioan, lau kantari baino ez dira arituko 3.000 euroko saria eskuratzeko lehian. Dena den, saioa bukatu aurretik ezustekoren bat ere izan daiteke.