Kultura
'Soinujolearen semea' antzezlana, 'EITB Kultura' saioan
M.A.
EITB
Gainera, Betagarri taldearekin eta Cesar Azcarate arkitektoarekin mintzatuko dira.
Aste honetan, Euskal Telebistako 'EITB Kultura' saioan Soinujolearen semea antzezlanaren estreinaldia izango dute hizpide nagusi. Bernardo Atxagak 2003 urtean idatzi zuen eleberria eta hamarkada baten ostean, taula gainera igoko dute istorioa. Eleberriaren moldaketa Fernando Bernuesek gidatu du, eta Patxo Telleriak aktore eta gidoigile lanak egin ditu. Biek izango dute zer kontatu aste honetako saioan.
Ondoren Betagarri taldeari egingo diote leku 'EITB Kultura' saioan. Gasteizko bandak Zorion argiak, hamabigarren lana, aurkeztuko du.
Gasteizen dagoela Artium aldera joko du saioak. Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak hamar urte bete ditu eta 'Haritik tiraka' bilduma osatu dute ospatzeko.
Bukatzeko, CEsar Azcarate arkitektoa hartuko dute mintzalagun. EHUko Industria Ingeniaritza Teknikoko eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolen eraikin berria diseinatu du, eta bere lanaren aspektu berezienak ekarriko ditu gogora.
'EITB Kultura' astelehenean 00:00etan dago ikusgai ETB-1en. Astearte gauean ETB-2n eta ostiral gauean ETB-3n jarraitzeko aukera ere badago.