Itxi

ETBn, zuzenean

Caja Laboral-Fiatc Joventut eta Ucam Murcia-Lagun Aro, igandean

A.A.

EITB

Arratsaldean Logroñoko pilota jaialdia izango da ikusgai.

Caja Laboral. Argazkia: EITB

Endesa Ligako bi saskibaloi partida eskainiko ditu ETBk igandean, 12:15etik aurrera. ETB-1en, Caja Laboral-Fiatc Joventut neurketaren kontakizuna egingo dute Asier Arangurenek, Josean Aldalurrek eta Juan de la Vegak; ETBKn, Ucam Murcia eta Lagun Aro taldeen arteko neurketaren berri emango dute Xabier de la Fuentek eta Aitor Uriondok.

Arratsaldeko 16:00etan, ohi denez, herri kirolen tartea zabalduko dute ETB-1en. Koldo Aldalurrek eta Garikoitz Etxeberriak iragan asteburuan Zizurkilen jokatutako Gipuzkoako Giza Proba Txapelketaren nondik norakoak ekarriko dituzte.

Amaitzeko, 17:00etan pilota emankizuna osatuko dute 'ETB Kantxa' saioan Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak, Logroñotik zuzenean. Gonzalez-Merino II / Idoate-Pascual binakako partidarekin zabalduko da jaialdia, eta, ondoren, lau t'erdiko txapelketako bi neurketa jokatuko dira: Titin III-Arretxe II, lehen mailakoa, eta Gorka-Jaunarena, bigarren mailakoa. Lehendabiziko bi partidak ETB-1en emango dira eta hirugarrena ETBKn.

Pilota emankizuna amaitutakoan, 20:30ean, 'Gaur Egun Kirolak' saioa hasiko da ETBKn, futbol jardunaldiaren errepasoa egiteko. Mikel Olazabalek gidatuko duen kirol tartea 23:30ean itzuliko da, Realak jokatuko duen partidaren berri emateko.

Caja Laboral-Fiatc Joventut saskibaloi neurketa eta pilota jaialdia eitb.com-en ere zuzenean jarraitu ahal izango dira streaming bidez.

Bideoak (2)