Itxi

Telesail berria

'DBH', telesaila estreinatuko du ETB-1ek ostegunean

A.E.

Nagore Aranburuk zuzentzen du, eta Ramon Agirre, Elena Irureta, Mikel Martinez, Joseba Apaolaza, Sara Cozar, Asier Sota, Nagore Orbeltzu eta Xabier San Sebastian daude aktore taldean.

DBH telesaileko aktoreak eta arduradunak

'DBH' telesaila estreinatuko du ETB-1ek datorren ostegunean, azaroaren 1ean. Euskal ikastetxe bateko irakasle taldearen xelebrekeriak bilduko dituen telesaila Nagore Aranburuk zuzentzen du eta Ramon Agirre, Elena Irureta, Mikel Martinez, Joseba Apaolaza, Sara Cozar Nagore Orbeltzu eta Xabier San Sebastian ditu lan-taldean.

Kamera finko baten aurrean, aurrera eta atzera ibiliko diren hezitzaile horien gorabeherak eta estutasunak izango ditugu ikusgai 'DBH' telesailean, umorea ardatz hartuta.

Arazoak besteen mende utziko dituen Ramon Agirre izango da institutu horretako zuzendaria; Elena Irureta Gizarteko irakasle antisoziala izango da; Joseba Apaolaza Heziketa Fisikoaz arduratuko da, eta izerdi patsetan jarriko ditu guztiak; Mikel Martinez ezohiko Euskara irakaslea izango da; Sara Cozar Musika irakasten arituko da, sinfonia bat bezain gozoa berau; Matematikako irakasle Xabi San Sebastian kontuak ongi egin ezinda ibiliko da; Nagore Orbeltzuk Natura irakatsiko die ikasleei; eta, azkenik, Asier Sota Plastika irakasgaiaz arduratuko da eta edozein une probestuko du bere artea erakusteko. Irakasleen arteko solasaldiak izango dira nagusi telesail berri honetan.

Formatu aldetik berritzailea izango da. Batetik, ostegunetan 22:15ean emitituko da berrogei minutuko iraupenarekin; bestetik, igandean, astelehenean, asteartean eta asteazkenean, hamar minutuko kapitulutan zatituta emango du ETB-1ek, 22:00 inguruan, ordutegi nagusian ikusgai izandako saio osoa.

Mikel Pagadik, Angel Aldarondok eta Egoitz Lasak idatzitako telesaila da, eta Nagore Aranburuk zuzendu du. Anartz Zuazua arduratu da aktoreen zuzendaritzaz, eta K 2000k, Txintxetak eta ETBk, ekoitzi dute.

Informazio gehiago (1)