Oihana Jauregik aurkeztuta
Liztor asiarra ehizan, aste honetako 'Teknopolis'en
A.H.
EITB
Intsektu asiar honen zabalkuntzak geldiezina dirudi, eta saioak gertutik emango du liztorrak sortu dituen arazoen berri.
Gizakiei eragin liezazkieken eragozpenez gain, benetako arazo ekologiko bihurtu da liztor asiarra. Aste honetako 'Teknopolis' saioak gertutik emango du arazoaren berri, eta liztorra erle-ehizan ikusiko dute. Izan ere, duela bi urte iritsi zen gurera Asiako liztor beltza, liztor asiarra izenez ezagutzen dena. Denbora tarte honetan maiz izan da gure ahotan. Aurtengo udan 200dik gora habia kendu dituzte Gipuzkoan basozain eta suhiltzaileek. Itxura guztien arabera intsektu exotiko honen zabalkuntza geldiezina da: dagoeneko Bizkaian eta Araban ikusi dute, eta Nafarroan ere bai. Arazoari aurre egiteko zientzialariak zertan dabiltzan jakingo du 'Teknopolis'ek.
Bestalde, aste honetan gertutik ezagutuko duten zientzialaria Emilio Cocinero da, Euskal Herriko unibertsitateko Kimika Fisikoa Saileko ikertzailea da. Microwave Region izeneko taldea zuzentzen du eta interes biologikoa izan dezaketen molekulen egitura aztertzea du helburu.
'Teknopolis' astelehen honetan emitituko da 23:20ean ETB-1en eta asteazkenean 00:30etik aurrera ETB-2n.