Kultur aktualitatea
Manolo Garcia, aste honetako 'EITB Kultura' saioan
A.H.
EITB
Musikariak bere ibilbide artistikoa errepasatuko du, izan dituen eraginak aipatuz.
Manolo Garcia 'EITB Kultura' saiora hurbilduko da aste honetan bere ibilbide artistikoaren errepasoa egitera. Musikari, marrazkilari eta eszenografo izatera nola iritsi den gogoratuko du. Los días intactos bere bostgarren diskoa aurkeztera dator datorren astean Donostiara eta Gasteizera.
Bestalde, Hika Teatroaren Hitzak, Besterik ez antzezlan berria ezagutuko dute. Emakume bera osatzen duten hiru emakume ezberdin aurkezten dizkigu Agurtzane Intxaurragak zuzendu eta idatzitako lanak. Belarrira esandako hitz gozoez ari da, gozotasunez esan arren, min egin dezaketen hitzez.
Malandain Ballet Biarritz taldeak ere lan berria du eskuartean: Une Dernière chanson. Umorea eta poesia uztartuz, antzinako frantziar abestiak bildu ditu. Muntaiak Frantziako kritikaren 2012ko dantza saria jaso du eta asteburu honetan aurkeztuko da Donostian.
Amaitzeko, Wilhelm bikotea hartuko dute protagonista EITBko kultur leihoan. Estudioan egindako taldearen lehenengo lanak The war of the especies du izena eta hamar abestik osatzen dute. Zuzenean jotzen dutenean, Willhelm & The Dancing Animales izena hartzen dute, eta taldearen hurrengo kontzertua Gasteizeko Bernaola jaialdian izango da.
'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 23:50ean ETB-1en, asteartean ETB-2n eta ostiralean 23:10ean ETB-3n.