Itxi

Kirol emanaldiak

Real Union-Amorebieta, larunbatean, zuzenean, ETB-1en eta eitb.com-en

A.A.

EITB

ETBKn Euskalgym 2012 jaialdia, Gaubeka-Larrañaga / Altadill-Imanol pala partida eta Berasaluze VIII-Bengoetxea VI lau t'erdiko finalerdia izango dira ikusgai.

Amorebietako jokalariak.

Larunbatero bezala, Bigarren B Mailako futbolaren tartea zabalduko dute ETB-1ek eta eitb.com-ek 18:00etan. Real Union-Amorebieta partidaren ingurukoak ekarrik dizkigute Xabier Anduezak, Juanan Larrañagak eta Joseba Urkiolak.

Bestalde, 'Gol Festa' saioaren bi edizio izango dira Txemi Galarragak gidatuta: 21:00etan Osasuna-Malaga neurketan gertatutakoa aztertuko dute eta 23:50ean, Athleticek Real Madrilen aurka Santiago Bernabeun jokatutako partidari erreparatuko diote.

Gimnasia erritmikoa, pala eta esku pilota ETBKn

ETBKn Euskalgym 2012 jaialdiaz gozatzeko parada izango da 17:25etik aurrera. Iragan larunbatean Bilbon ospatutako gimnasia erritmikoko galaren kontakizuna Pedro Mari Goikoetxeak eta Espe Rodriguezek egingo dute. Lehen mailako izarrekin batera (Charkashina, Garayeva, Maksimenko, Miteva, Staniouta, Joanna Mitrosz eta Rebeca Sereda), euskal ordezkaritza zabala (Ortzi Acosta eta Paula Gomez gasteiztarrak, Donostia, Beti Aurrera, Sakoneta eta Izar leku eskoletako gaztetxoak) eta Estatu mailako gimnastak arituko dira, Portugaleteko gimnasia akrobatikoko kideekin batera.

20:30ean, Gaubeka-Larrañaga / Altadill-Imanol pala partidaren kontakizuna egingo dute Iñigo Aiestaranek eta Iñigo Oiartzabalek eta 22:30ean Berasaluze VIII-Bengoetxea VI lau t'erdiko finalerdiaren berri emango dute Juanan Legorburuk eta Koldo Aldalurrek.