22:15ean
Iruña-Veleiako misterioari buruzko gau berezia, ETB-1en
EITB
Dokumentala eta Hasier Etxeberriak gidatutako eztabaida izango dira ikusgai.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ETB-1ek gau tematikoa eskainiko dio Iruña-Veleiako misterioari, gaur gauean, 22:15etik aurrera. Lehendabizi gaiaren inguruko dokumentala estreinatuko da eta ondoren, bere inguruan eztabaidatuko dute lau adituk Hasier Etxeberria gidari dutela: Mertxe Urteaga arkeologoa eta Joseba Lakarra hizkuntzalaria alde batetik, eta Juan Martin Elexpuru idazlea eta Pello Izagirre antzinako kristautasunean aditua bestetik.
Gure historia ofiziala aldatu behar zuten aurkikuntza arkeologikok azaleratu ziren Iruña-Veleian 2006an. Ostraka deitzen zaien buztin eta zeramika zatietan, ezohiko idazkunak eta marrazkiak agertu ziren, III. mendekoak, erromatarren garaikoak. Laurehun baino gehiago ziren, benetako aurkikuntza ikaragarria. Ez sinesteko modukoa. Latinez, grekoz, egiptoeraz eta euskaraz.
Baina zalantza piztu zen adituen artean: aurkitutako pieza guztiak benetakoak dira? Denak dira faltsuak ala batzuk bakarrik dira benetakoak eta beste batzuk faltsuak?
Eztabaida sutsuak izan dira handik hona aurkikuntzaren faltsutasuna eta benetakotasuna defendatzenen dutenen artean. Zatituta dago komunitate zientifikoa: arkeologoak, hizkuntzalariak, geologoak, epigrafistak, historialariak… eta zer sinetsi erabaki ezinik gaia ezagutzera hurbildu den jendea.
Izan ere, aurkikuntzak benetakoak badira, gure historia beste modu batera kontatu beharko da aurrerantzean, baina faltsuak badira, nor da gai hainbeste pieza faltsutzeko eta zergatik egin du halako zerbait?
Galdera horiei guztiei erantzuna ematen saiatuko da Iruña-Veleiako misterioa dokumentala eta ondorengo solas-tartea, 22:15etik aurrera, ETB-1en.