Gaur gauean eta igandean
Durangoko finalaurrekoa eta Bertso Eskolen Eguna, 'Hitzetik Hortzera'n
Durangon jokatu den Bizkaiko Txapelketako bigarren finalaurrekoa, eta Zarautzen izan den Bertso Eskolen Egunekoak dakartza asteon programak. Gaur iluntzean eta igande bazkalostean, ETB-1en.
Durangoko Landakon jokatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa. Han izan da 'Hitzetik Hortzera' eta bertsoaldirik onenak emango ditu, baita saioko irabazle Etxahun Lekueri eta bigarren eta hirugarren sailkatu ziren Igor Elortzari eta Fredi Paiari egindako elkarrizketak ere.
Saioa hasi aurretik, Landako Gunea aulki hutsez betea zela, berriketaldia izan zuen Jon Artano aurkezleak Xabier Amurizarekin, Leire Bilbaorekin eta Xabi Payarekin. Hirurek liburu bana kaleratuko dute berriki, Durangoko Liburu eta Disko azokaren jiran, eta hirurek dute lotura estua Bizkaiko Bertsolari Txapelketarekin.
Saio ostean berriz, Kristina Mardarasek gobidatuta, Durangoko garagardotegi batean izan da Jon Artano Bizkaiko bertsozaleen katedrarekin.
Beee Eguna, Bertso Eskolen eguna, Zarautzen ospatu dute aurten. Hango kronika ere ekarriko du programak. Bertso-poteoan jardun zutenen bertsoak gozatu ahalko dira. Kantuan izan ziren: Jon Maia, Jon Elizetxe, Onintza Enbeita, Oier Aizpurua, Maddi Sarasua, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña, besteak beste.
Gaur, 21:00etan, izango dugu ikusgai ETB-1en eta, errepikapena, berriz, igandean, 15:00etan.
Eta nahi duzunero aurkituko duzue 'Hitzetik Hortzera' saioa EITBNahieranen.