Audientzia oharra
ETBko albistegiak lider izan dira azaroan
A.E.
EITB
'Ni Más Ni Menos' eta 'Euskadi Directo' saioek euren ikus-entzule marka hautsi dute hilabete honetan.
ETBko albistegiak azaroan lider izan dira. Euskal Telebista aukeratu dute euskal ikus-entzuleek egun-eguneko gertakizunen berri izateko. 'Teleberri'ren emaitza, azpimarragarria: 130.000 ikus-entzule ditu bataz beste; 2010eko otsailetik hona lortzen duen emaitzarik onena da. Horrez gain, 253.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu du Euskadin eta eragin esparruan. 'Teleberri'k %17,2ko audientziarekin itxi du hilabetea, hurrengo albistegi ikusienari 1,3 puntuko aldea ateraz.
Azaroan, gainera, ETBk %12,8ko audientzia lortu du. Talde autonomikoen artean bigarren postuari eusten dio. ETBk hilabetea iaz baino 1,1 puntu gainetik itxi du.
Beste saio eta emanaldi batzuk ere audientzia garrantzitsua izan dute. Besteak beste, Klaudio Landak aurkeztutako 'Ni Más Ni Menos' nabarmendu behar da. Azaroan inoizko emaitzarik onena izan du ikus-entzuletan: bataz beste 83.000 ikus-entzule eta 277.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. Hilabeteko kuotarik altuena ere lortu du azaroan: %15,6.
'Euskadi Directo'rentzat ere marka hausteko hilabetea izan da: Reyes Pradosek aurkezten duen saioa, bataz beste, 78.000 lagunek ikusi dute. Halaber, 154.000 izan dira uneren batean saioarekin bat egin dutenak, bataz beste.
Azaroaren 8an estreinatu zen 'Equipo ED' tarteak %12,1eko audientzia lortu du eta 199.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. Emandako azken saioak, hain zuzen ere, %15eko audientzia izan zuen.
'La Noche de...'k ere datu oso onak izan ditu. Felix Linaresek aurkezten duen saioak %13,9ko audientzia zatia eta 247.000 ikus-entzuleko audientzia metatua erdietsi ditu. Filmek ere, tartean Rocknrolla eta Un sueño posible estreinaldiak, oihartzun handia izan dute: 311.0000 laguneko audientzia metatua eta %13,3ko sharea izan dute.
ETB-1en, berriz, lau t'erdiko txapelketako Irujo eta Olaizola II.ren arteko finalerdiaren arrakasta aipatu behar da. Partidak %17,8ko audientzia eskuratu zuen, 164.000 ikus-entzule bataz beste, eta 301.000 laguneko audientzia metatua Euskadin eta eragin esparruan. Euskaldunen artean, gainera, %29ko audientzia izan zuen.
'Kontuz, Atsuak!' saioak ere erantzun ona izan du: euskaldunen artean %7,2ko audientzia eta 130.000ko audientzia metatua. Iñake Irastorza eta Anjel Alkainek hezurmamitutako Maikrux eta Marikarmenek geroz eta audientzia sendoagoa dute.
'Goenkale'k, halaber, euskaldunen artean %11,7ko audientzia zatiarekin itxi du azaroa. Horrez gain, 86.000 laguneko audientzia metatua lortu du ETB-1eko telesailak.