Itxi

ETB-1 eta ETB-2n

Osasunaz, aste honetako 'Teknopolis' saioan

A.H.

EITB

Hortzeria ordenagailuz diseinatzen ikasiko dute eta pilula banatzaile elektronikoa ezagutuko dute, besteak beste.

Oihana Jauregi. EITB

Osasunaz jardungo dute aste honetako 'Teknopolis' saioan. Hasteko, hortzeria ordenagailuz diseinatu eta makinaz mekanizatzen duen enpresa bat erakutsiko dute. Mendaroko enpresa bat da eta Createch Medical du izena. Hortz-haginak ordezkatzeko, inplanteak jartzen dira. Orain arte, lan hori artisau-lana izan da, pasta batzuk erabilita neurriak hartu eta protesikoek gero eskuz egiten zituztelako ordezko piezak. Orain, ahoa eskaneatzen da datuak eta neurriak jasotzeko, datu horiek enpresan jasotzen dituzte, CAD-CAM programen bidez hortzeria diseinatu, eta gero mekanizatzeko makinetan egiten dira protesiak. Hau da, makina-erremintako teknikak ahora aplikatuta.

Horrez gain, pilula-banatzaile elektroniko bat ezagutuko dute aste honetako 'Teknopolis' saioan. Medical Dispenser du izena eta Fagor Healthcare kooperatiba sortu berriak garatu du. Adineko pertsonei eta haien zaintzaileei begira diseinatu dute banatzaile elektronikoa. Izan ere, adinean aurrera joan ahala, hartu behar den botika-kopuruak gora egiten du, dosi eta ordutegiak desberdinak izaten dira, baita maiztasunak ere bai. Gailu honek botikak akatsik gabe, tokatzen denean, eta egokia den dosian hartzea ahalbidetzen du.

Eta, azkenik, VicomtechIK4 zentro teknologikoa bisitatu dute, han medikuntzarako irudiekin egiten dutelako lan. Gorputzaren barrualdea behatzeko teknikak eta softwareak garatu dituzte, gero medikuek erabil ahal izan ditzaten.

'Teknopolis' astelehen honetan emitituko da 23:15etik aurrera ETB-1en eta asteazkenean 00:20ean ETB-2n.