Irailetik aurrera
Eskalada, tirolina eta erresistentzia, '101 Gaztelu' saioan
I.A.
Igandean, irailaren 15ean hasiko da lehiaketa. Bitartean, ikusgai daude Julian Iantzik aurkeztuko duen "101 Gaztelu" telerrealitate saio berriaren Bilboko casting-a eta Donostiakoa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Irailean estreinatuko da "101 Gaztelu" saioa ETB1en. Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barreiaturik dauden 20 gaztelu eta jauregitan grabatu dute Julian Iantzik aurkeztuko duen abenturazko lehiaketa berria.
Lehiakideek hainbat proba edo joko egin beharko dituzte garaipena lortzeko: eskalada, tirolina, rafting, erresistentzia-probak, piraguismoa, eta uretako beste hainbat proba.
Saioa hasi aurretik ez ditugu lehiakideak ezagutuko, baina dagoeneko ikusi ditugu "101 gaztelu"ko Bilboko casting-a eta Donostiako casting-a, Horien artean daude gure Zaldunak eta Billauak.
Saioaren nondik norakoak
"101 Gaztelu" lehiaketak gazteluak ditu, esan bezala, ardatz nagusi. Lehia, berriz, bi talderen artekoa izango da. Sei partaidez osaturiko bi talde arituko dira nor baino nor gehiago: Zaldunak eta Billauak.
Gazteluz gaztelu bidaiatuko dute bi taldeok Euskal Herrian barna. Saio bakoitzean, taldeak izango duen lehen erronka garrantzitsua gaztelua topatu eta gaztelura iristea izango da. Behin hori lortuz gero, gaztelua izango da, baita ere, gainditu beharko duten probaren eszenatokia.
Lehiakide talde bakoitzak kapitan bat izango du, eta atal bakoitzean, taldeak laguntzaile ospetsu baten laguntza jaso dezake, ohore hori eskuratzen badu behintzat.
Lehiakideen helburua ahalik eta gazteluetako bandera gehien lortzea da, eta ehunka kilometro egingo dituzte xede hori betetzeko. Irailean, saioa estreinatzearekin bat, argituko da lehiakideek hori egiteko izango duten modua.
Parte hartzaileak gazteluen lurraldeetan murgilduko dira, borrokaldi eta konkista historiko garrantzitsuak izan ziren tokien bila. Bertan, euren borrokaldi propioak biziko dituzte, mota guztietako probei aurre eginez, "Conquis"en estilora.
"Basetxea" eta "El Conquistador del Fin del Mundo" saio arrakastatsuen arrastoa jarraitzen duen lehiaketa, Hostoil ekoiztetxeak egin du ETBrentzat.