2.atala
Agustin, '101 Gaztelu' saioko lehen kaleratua
'101 Gaztelu'-ko bigarren atalean, Bizkaiko kostaldeko lekurik ederrenetariko batera joan dira lehiakideak, Gaztelugatxeko Donienera, hain zuzen ere. Zaldunek Agustin kaleratzea erabaki dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Igande honetan ETB1ek eskainitako '101 Gaztelu'-ko saioaren bigarren atalean, Zaldunek eta Bilauek norgehiagoka garrantzitsua izan dute Gaztelugatxeko Donienen.
Lehenengo gaua pasatu ostean, lehiakideak nekatuta esnatu ziren. Bilauen kasuan, furgoneta txiroa ez delako batere erosoa. Zaldunek, aldiz, gaua aurreko eguneko garaipena ospatzen pasatu zutelako.
Abentura honen eguneroko gorabeherak ezagutu dituzte parte-hartzaileek. Goizean goiz pista bat jaso zuten gaztelu batera joateko. Han, famatu bat topatu zuten, eta berak izan zuen jokoa egin zen tokira heltzeko hurrengo pista. Famatua beste taldekide bat izan zen egun horretan, eta probetan ere parte hartu zuen. Pistak Gernikako itsasadarrean dagoen dorretxerik altuenera eraman zituen lehiakideak. Bertan, Andoni Agirregomezkorta aktore eta aurkezlea topatu zuten. Elkarrekin Bizkaiko kostaldean dagoen lekurik ederrenetariko bat bisitatu zuten. Gaztelugatxeko Doniene, alegia.
Batera zein bestera, bidaia ez zen batere erraza izan, bidetik hainbat zalantza eta ika-mika sortu zirelako taldekideen artean. Alde batetik, Mikel Goñik zuzendutako taldeak hasieratik asmatu zuen lehenengo helmuga Arteagako gaztelua zela. Manu Maritxalarren neska-mutilek, ordea, ez zuten hain argi eduki. Kapitainak Mungian gelditu eta bertako turismo bulegoan galdetzea erabaki zuen. Baina, zoritxarrez, ez zuten bulegorik topatu, eta urrezko denbora galdu zuen taldeak.
Nahiz eta Zaldunak iristen lehenengoak izan, orduz kanpo heldu ziren Gaztelugatxera. Hala eta guztiz ere, indarrak hartzeko denbora ederra izan zuten jokora joan aurretik, Maritxalarren taldea askoz ere beranduago heldu zelako.
Jokoa zirraragarria izan zen. Imanol eta Oibar zaldunek eta Luka eta Idurre bilauek uretara egin zuten salto, txalupa baten bila. Bikote bakoitzak kanoa bateraino igeri egin eta gero, Gaztelugatxeko begi-zuloak inguratu eta zeharkatu zituzten arraunean. Lasterketa oso parekatua izan zen azken-azkeneraino, baina korronteak bilauei egin zien mesede, eta bikote hori izan zen lehenengoa harkaitz gainean zegoen lekukoa eskuratzen.
Lukak itsasertzera igeri egin zuen taldekideei lekukoa emateko. Lan ona egin zuen beratarrak, alde handia atera baitzien zaldunei. Abantaila horri esker, bilauak lasai abiatu ziren Gaztelugatxeko baselizarantz. Izan ere, zaldunak itsasertzera iritsi zirenerako, beste taldea armarria lortzeko zorian zegoen. Ez zen ezusterik egon, eta ondo ospatu zuten bilauek euren lehenengo garaipena. Zaldunek, ordea, ez zuten porrota ondo hartu, Julianek arriskuan zeudela esan zielako.
Zaldunek ez zuten Kontseilua espero, eta haserre hartu zuten berria. Baina galtzeak ondorioak ditu, eta taldeak kide bat etxera bidali behar zuen. Luze pentsatu ondoren, Agustin argentinarra izan zen kaleratua.
Bitartean, bilauen taldean, lehenengo liskarrak sortu ziren, Manuk goizean hartutako erabakiak ez zirela zuzenak izan uste zutelako taldekideek. Gainera, autokarabanako gasa nola pizten den ez dakite, eta lortutako arraina ezin izan dute prestatu.
Bigarren atala ikusteko aukera ez baduzu izan, edo berriro ikusi nahi izanez gero, EiTB Nahieran atarian aurkituko duzu.
Igandean, 21:45ean, ETB1en izango dugu ikusgai '101 Gaztelu' abenturazko telerrealitate saioaren hurrengo atala.