Itxi

Finalaurrekoa

Zaldunek irabazi dute azken-aurreko proba, eta Idurre joan da etxera

Finalaurrekoan, talde gorriak irabazi du Baigorrin egindako jokoa, eta Bilauek Idurre bidali dute etxera. Hortaz, gaur garaipena lortuta, Zaldunek finalerako berdinketa ziurtatu dute.

'101 Gaztelu' saioaren hamaikagarren atalean, Bilauek galdu dute Baigorriko jokoa, eta Kontseiluan Idurrek jaso ditu boto gehien. Bestetik, gaurko garaipena oso garrantzitsua izan da Zaldunentzat, finalerako berdinketa ziurtatu dutelako.

Gero eta gutxiago falta da abentura bukatzeko; '101 Gaztelu' saioa azken txanpara iristen ari da. Orain arte, Zaldunen eta Bilauen taldeek bosna armarri lortu dituzte. Beraz, gaurko eguna erabakigarria izan da.

Berriro ere, egun hotza eta euritsua izan dute lehiakideek. Bilauen taldeari ez zaio gehiegi axola, luxuzko autokarabanan lo egin baitute. Esnatu eta gero, ederki gosaldu eta hitz egiteko denbora ere izan dute hurrengo gazteluaren bila joan baino lehen. Baina Zaldunen kasuan, gauzak zeharo desberdinak dira. Atzo, Mikel Goñi kapitainak alde egin zuen eta ez da itzuli. Oibar kanporatu egin zuten Kontseiluan, eta furgoneta txiroan, hotzaren hotzez, kikilduta eman dute gaua, bigarren egunez.

Hori gutxi ez balitz bezala, goizean beste ezusteko larri bat izan dute Zaldunek: Jurdanek zauri bat egin du hankan furgonetan zegoen ganibeta batekin. Zauriak ez zuen itxura ona, eta ospitalera eraman behar izan dute, anbulantziaz, zauria jostera. Hiru grapa ipini ondoren, Mendarokoa prest dago lehiaketan jarraitzeko.

Gaurko pista irakurri ondoren, Baigorriko Etxautz gaztelura abiatu dira bi taldeak. Zaldunak arazo handirik gabe heldu dira, mapan begiratuta. Baina Bilauek, mapa galdu zutenez, itsu-itsuan joan behar izan dute.

Zaldunak izan dira berriro ere heltzen lehenak, eta Koteto Ezkurra hartu dute laguntzaile gisa. Gaurko proban erreka-jaitsiera egin behar izan dute. Oso proba parekatua izan da, baina, azkenean, talde gorriak lortu du jokoan zegoen armarria.

Bi egunez ezer jan gabe egon eta gero, Zaldunek jateko eta indarrak berreskuratzeko aukera izan dute azkenean. Bilauak, berriz, furgoneta txirora itzuli dira, eta beste taldekide bat galdu dute.

Hala ere, pozik daude Bilauak. Badakite finalaren atarian daudela, eta hori harro egoteko modukoa da. Hortaz, hurrengo eguna oso garrantzitsua izango dela jakinda joan dira talde biak lotara.

Esnatutakoan, Kontseilua izango dute Bilauek. Gogorra da, baina azken gaztelura joan baino lehen, taldekide bat utzi beharko dute bidean. Eta etxera doan taldekide hori Idurre izango da. Final handira heltzeko zorian egon da Trintxerpeko lehiakidea, baina ezinezkoa izan da, eta hemen bukatu da Idurreren abentura.

Abenduaren 8an izango da final handia, eta egun horretan ezagutuko dugu '101 Gaztelu'ko talde irabazlea.

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)