Itxi

ETBko saioak nazioartean

'101 Gaztelu' saioa Iranen eta Iraken izango da ikusgai

G.U.

EiTB

Julian Iantzik gidatutako lehiaketa Ekialde Ertainera saldu du nazioarteko telebista banatzaile batek. Gainera, ETB4k emititzen duen 'El Faro' telesaila ere iritsiko da herrialde horietara.

'101 Gaztelu' saioa Iranen eta Iraken ikusi ahal izango dute. ETB1ek 2013an eman zuen abentura telerrealitate lehiaketa, eta, orain, Imagina International Sales enpresa banatzaileak Gem TV komunikazio talde irandarrari saldu dio, aipatutako bi herrialde horietan eman dezaten.

Hostoil ekoiztetxeak Euskal Herriko gaztelu esanguratsuenetan grabatutako abentura saioa Julian Iantzik aurkeztu zuen, eta bi talde aritu ziren lehian: Zaldunak (Mikel Goñiren gidaritzapean) eta Bilauak (Manu Maritxalar kapitain zutela). Bi taldeek hainbat erronka eta proba gainditu behar izan zuten gaua autokarabana aberatsean igarotzeko eta janaria lortzeko, baita lehian zeuden puntuak eskuratzeko ere. Lehia bizia izan zen, eta une gogoangarri ugari utzi zigun euskarazko telerrealitate saioak. Orain, esan bezala, Iranen eta Iraken ikusi ahal izango dute '101 Gaztelu'n gertaturiko guztia.

Imagina International Sales banatzaileak Irrati eta Telebista Autonomikoen Erakundeen Federazioko (FORTA) kideen produktuak nazioartean saltzen egindako lanaren ondorio izan da komunikazio talde irandar horrek ETB1eko programa erosi izana. Gainera, aipatzekoa da ETB4k ematen duen 'El Faro' telesaila ere enpresa berari saltzea lortu duela, Ekialde Ertaineko bi herrialde horietan ikus dezaten.

Jatorri galiziarra du telesail horrek, baina FORTAko telebista gehiagotan ere ikusgai da, bikoiztuta, federazio horrek sustatutako lana baita. ETB4k astelehenetik ostiralera ematen du, 11:45ean. Gainera, Espainiako Telebista Akademiak kate autonomiko bateko telesail onenaren Iris saria eman berri dio.

Informazio gehiago (3)