Itxi

Gaur

Juanjo San Sebastian alpinista protagonista, '6 Argazkitan'

A.A.

EiTB

Martin Zabaleta mendizalea eta Alex Txikon abenturazalea izango ditu bidelagun bere bizitzaren errepasoan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur, Pedro Mari Goikoetxeak Juanjo San Sebastian alpinistaren bizitza errepasatuko du '6 Argazkitan' saioan. Gainera, luxuzko gonbidatua izango dute programan: Martin Zabaleta mendizalea. Juanjok eta Martinek elkarrekin egindako espedizioak errepasatuko dituzte eta, jakina, hernaniarrak Everesteko gailurrean bizi izandakoak kontatuko dizkigu zehaztasun handiz. Horrez gain, Alex Txikon abenturazaleak bilbotarraz hitz egingo du eta harekin Laila Peak-en igarotako une hunkigarriak azalduko ditu.

Juanjo San Sebastianena saio harrigarria izango da. Izan ere, bere biografian badira gutxik ezagutzen dituzten garaiak. Txistulari, iheslari politiko, sindikalista, preso. Hori guztia izan da Juanjo San Sebastian, mendian lortutakoak famatu egin aurretik.

Juanjo San Sebastian Bilbon jaio zen, orain 59 urte. Gaztetan, Dindirri dantza taldeko kidea izan zen, dantzari lehendabizi, txistulari ondoren. Baina txistu, abertzaletasun eta fede garai haiek alde batera utzi zituen, txistuarekin grabatutako disko batekin sos batzuk irabazi eta eskalatzeko kasko laranja erosi zuenean. Familian dirua falta, eta ikasketak 14 urterekin utzi zituen, Bilboko Aurrezki Kutxan beharrean hasteko.

Juanjo San Sebastianek konpromiso politikoari ekin zion: ETA VI-LCR taldeko kide izan zen, eta urtebetez ihesi ibili zen Gipuzkoan. Handik Gasteizera joan zen, eta 1976ko martxoaren 3ko lekuko zuzena izan zen bilbotarra. Juanjo San Sebastian greba batzordeko kide izan zen, Cablenor enpresako langilea baitzen. Poliziak eragindako sarraskiaren egunean, ozta-ozta ez zen sartu poliziak gasarekin erasotako Asisko San Frantzisko elizan, baina kanpoan bizi izandako tentsio guztiak zuzen-zuzenean bizi izan zituen. Carabanchelen preso egon, eta 76an amnistiatua izan ondoren, fabrikara itzuli zen. Baina bere bizitza errotik aldatu zen Peruko Alpamayo mendira igotzeko aukera izan zuenean, norekin eta urtebetera Everesterako gailurra egin zuen euskal espedizioarekin.

Handik aurrera, Juanjo San Sebastianen bizimodua mendiari hertsiki lotua egon zen: Makalu, Chogolisa, Broad Peak, Shisha Pangma eta K2: munduko bigarren gailurrak arrasto sakona utzi zion Juanjori: laugarren ahaleginean lortu zuen K2ko gailurrera iristea, Atxo Apellaniz gasteiztarrarekin batera. Juanjo San Sebastianek zehaztasunez oroituko ditu jaitsiera horretan bizitza galdu zuen lagunarekin bizi izan zituenak.

Horrez guztiaz gain, Juanjo San Sebastianen familia eta lagunak ezagutuko ditugu; baita mendizaleak hegazkinak pilotatzeko duen zaletasuna ere. Beti bezala, gaur, 21:45ean, ETB1en.

.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)