16:00etan
"Ahoz Aho" saioaren denboraldi berria, astelehenetik ostiralera, 16:00etan
EiTB
Ilaski Serranok eta Saioa Martijak aurkeztuta, gaurkotasunari, kulturari, zientziari eta ezagutzari leihoa irekiko diote, astelehenetik ostiralera, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en.
Hasi da "Ahoz Aho" saioaren denboraldi berria ETB1en eta eitb.eus-en. Ilaski Serranok eta Saioa Martijak aurkeztuta, gaurkotasuna, gizarte gaiak, kultura eta ezagutza jorratuko dituzte arratsaldero, zuzenean, bi orduko saioan. Elkarrizketak, solasaldi irekiak eta gonbidatu, aditu eta kolaboratzaileak izango dituzte platoan, guztion ahotan dauden gaiak landu eta aztertzeko.
Hala, 16:00etatik 17:00etara, Ilaski Serranok aurkeztuko du saioaren lehen zatia, eta bertan kulturak, zientziak eta orokorrean ezagutzak hartuko dute garrantzi berezia. Ondoren, Saioa Martijaren eskutik iritsiko da gaurkotasunaren analisia eta eztabaida, solasaldirako mahaian. Aurreko denboraldian bezala, gonbidatu, kolaboratzaile eta solaskide zerrenda luzea izango dute biek.
Arratsaldeari ekiteko, beraz, kultura, zientzia eta ezagutzari zabalduko diote tartea, eta, horretarako, sortzaileak, artistak, ikerlariak, dibulgatzaileak eta adituak hartuko ditu Ilaskik platoan.
Joan den denboraldian bezala, musikariak "Ahoz Aho" saioko platora hurbilduko dira euren lan berriak aurkeztera, eta zuzeneko musika emanaldiak ere izango dira. Grises talde zestoarrak zabalduko ditu zuzenekoak urriaren 28an, Talisman diskoarekin; eta Iban Urizar Amorante (Bat edo hiru) eta Rafa Rueda (Rueda) musikariak ere lan berriekin hurbilduko dira datozen asteotan.
Idazleak ere ez dira faltako tarte honetan: Oihane Amantegi (Ibaiertzeko ipuina) eta Kirmen Uribe izango dira lehen asteko idazle gonbidatuak; ondoren, Julen Belamuno (Hotz industriala) eta Mikel Soto (Sua piztu zaigu) ere gerturatuko dira.
Josu Camara artista eszenikoa, Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerkilariak, Oihane Pardo diseinatzailea, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea, Asier Amondo Korrikako arduraduna, Ibai Zabala pilotaria… dira lehen aste hauetan saioan hartuko dituzten beste gonbidatuetako batzuk.
Horrez gain, Jasone Osoro idazlea, Iraitz Agirre ikerlaria, Garbiñe Ubeda kazetaria, Irati Agirreazkuenaga irakaslea, Maddi Castro zinemagilea, Ane Zabala kazetaria, Oier Aranzabal kazetaria eta Joni Ubeda kazetaria jardungo dira solasaldietan. Gaztea irratiko Ibon Fernandezek kantuak gomendatuko dizkigu; zinema kontuak Aitor Abaroak izango ditu mintzagai, eta telesailen mundura Gaizka Izagirrek eramango gaitu. Katakrak eta Tobbaco Days liburu-dendetako arduradunen liburu gomendioak ere jasoko dituzte astero, eta Durangoko Azokako sortzaileekin ere atal bat izango dute astero.
Bestalde, Ana Galarraga dibulgatzaile zientifikoaren eskutik iritsiko dira zientzia albisteak; eta Maite Goñi irakasleak teknologia berriei eutsiko die. Aldaketa klimatikoaren ikerketan diharduen BC3ko Unai Pascual aditua arituko zaigu ingurumen gaiei buruz; eta arkitekturari buruzko atala Anartz Ormaza arkitektoarekin zabalduko dute. Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunak geologiari buruzko atala eskainiko du.
Azkenik, historia, feminismoa, berdintasuna, sexologia, euskalgintza eta herrigintzako kideen laguntza izango dute, gure inguruan gertatzen denari testuinguru egokia jartzen saiatzeko.
Gaurkotasunaren analisia eta debatea, 17:00etatik aurrera
Ondoren, 17:00etatik 18:00etara, gaurkotasunaren analisia eta eztabaida egingo du Saioa Martijak. Besteak beste, Pilar Kaltzada, Eguzki Urteaga, Iñaki Galdos, Estitxu Garai, Galder del Campo, Juan Kruz Lacasta, Jexuxmari Mujika, Felix Arrieta, Oihana Etxebarrieta eta Zigor Urkiaga izango ditu solaskide denboraldi berri honetan.
"Ahoz Aho" programaren denboraldi berria gaur hasiko da, eta astelehenetik ostiralera izango dugu ikusgai, 16:00etan, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en.