16:00etan
"Ahoz Aho Uda", Ilaski Serranoren eskutik, arratsaldero ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Euskal Herrian une honetan ezinbesteko diren sortzaileak eta dibulgatzaileak pasatuko dira bertatik, kulturaren, zientziaren eta beste hainbat gairen inguruko jakin minak asetzeko gogoz. Musika izango du platoan, eta elkarrizketen tartea ere bai.
"Ahoz Aho" saioa ere uda giroan murgildu da, Ilaski Serranok aurkeztutako "Ahoz Aho Uda" proposamenarekin. Astelehenetik ostiralera izango da hitzordua, 16:00etan.
Euskal Herrian une honetan ezinbesteko diren sortzaileak eta dibulgatzaileak pasatuko dira bertatik, kulturaren, zientziaren eta beste hainbat gairen inguruko jakin minak asetzeko gogoz.
Hala, literatur eskaintza berriena Miren Agur Meabe, Ana Malagon, Nerea Loiola, Nerea Arrien, Oihana Arana, Mikel Reparaz eta Kirmen Uribe idazleekin jorratuko dute, besteak beste.
Musika ere izango du platoan, momentuko taldeekin: Bulego, Ezpalak, Xabi Solano eta Kristina Solano, Xabi Hoo, Afrika Bibang, Postal Kolekzionistak eta Sara Zozaya.
Zientzia gaiak Ana Galarragarekin landuko ditu Ilaskik; teknologia berriak, aldiz, Maite Goñiren eskutik. Arkitektura kontuetan Anartz Ormaza izango du, eta animalien kontuen inguruan aritzeko Juan Ignacio Perez Iglesias hartuko du saioan. Zinema eta telesailak ere hartuko dituzte hizpide, Gaizka Izagirre eta Aitor Abaroarekin; eta Iraitz Agirre eta Jasone Osororen ikuspegi kultural eta antropologikoak izango dituzte programan. Sexologia ere jorratuko dute uda honetan Agurtzane Ormatzarekin.
Elkarrizketaren tartea ere ez da faltako: Ana Zubiaga zientzialaria, Jagoba Arrasate Osasuna futbol taldeko entrenatzailea, Martxel Rodriguez dantzaria, Eñaut Barruetabeña diseinatzailea, Josu Okiñena pianista, Ainhoa Tirapu Athleticeko atezain gazteen entrenatzailea eta Kike Amonarriz soziolinguista izango dira horietako batzuk.
"Ahoz Aho Uda", Ilaski Serranoren eskutik, arratsaldero izango da ikusgai, 16:00etan ETB1en eta eitb.eus-en.