Estreinaldia
"Altxa Txapela" sukaldaritza lehiaketa berriaren estreinaldia, uztailaren 18an, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Joseba Arguiñanok aurkeztutako saioan, Euskal Herriko jaki bereizgarrienen lau ekoizle arituko dira lehian eta, besteak beste, Idiazabal gazta, arrautzak, Tolosako babarrunak, ortuko altxorrak, eztia eta marmeladarik onenak ezagutuko ditugu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Uztailaren 18an, Joseba Arguiñanok aurkeztutako "Altxa Txapela" sukaldaritza lehiaketa berriaren estreinaldia eskainiko du Euskal Telebistak. Euskal Herriko jaki bereizgarrienen lau ekoizle arituko dira lehian eta, besteak beste, Idiazabal gazta, arrautzak, Tolosako babarrunak, ortuko altxorrak, eztia eta marmeladarik onenak ezagutuko ditugu. "Altxa Txapela" igandero izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
Atal bakoitzean, jaki baten inguruan izango da lehia eta ekoizleak azokara joango dira, bertan haien produktuaren kalitatea defendatzeko. Arerioek eta Joseba Arguiñanok berak egingo dute produktuen balorazioa, lau ezaugarri kontuan hartuta: produktua bera, ontzia eta kozinatzeko ematen dituen aukera anitzak. Azkeneko hau baloratzeko, lehiakideek euren produktua protagonista izango duen errezeta bat prestatu beharko dute.
Edozein azokatan bezala, lehiakide bakoitzak bere postua edukiko du, eta bertan jakia erakutsi beharko du aipatutako hiru bertsioetan. Jakiak estalita egongo dira eta Altxa Txapela! esandakoan, azpian ezkutatuta dagoena agerian utziko dute. Lehiakideek beraiek emango dituzte puntuazioak eta Joseba Arguiñanok ere epaile lanak egingo ditu, berdinketa egonez gero. Puntu gehien lortzen duenarentzat izango da 2000 euroko saria eta… TXAPELA.
Lehen atalean, Idiazabal gazta
Entzute handiko gazta honen lau ekoizle txapela lortzeko lehian arituko dira "Altxa Txapela"ren estreinaldian.
Aitor Urien izango da lehendabizi ezagutuko dugun lehiakidea. Gero eta jende gutxiagok aukeratzen duen ogibide bat sutsu defendatzen du: artzaintza. Urien izeneko Idiazabal gaztaren ekoizle honek 28 urte ditu eta Abadiñora eramango gaitu usadio zaharren garrantzia gogorarazteko.
Orexan kokatutako Ohian Txiki kooperatiban egiten du lan Unai Romerok, bigarren lehiakideak. XXI. mendeko enpresa modelo bat defendatzeko prest dator. Bere anbizioak ez du mugarik eta bere gazta Estatu Batuetara ere iritsi dela kontatuko du. Izan ere, Idiazabal gazta gure herritik kanpo ere produktu oso preziatua da.
Hirugarren lehiakidearen bizitzak eleberri batetik ateratakoa dirudi. Arantza Garaiburu erizaina Amezketako artzain batekin ezkondu zen eta gaztaren munduan sartu zen buru-belarri. Denda txikietan bakarrik aurkituko daitekeen Larte Gaztarekin lehiatuko da.
Joseba Otegik eta bere Goine Gaztak osatuko dute lehiakide taldea. Asteasun 15 urtez ardiekin aritzeaz gain, Idiazabal gazta ekoizten du. Salmentari dagokionez, supermerkatuetara eta beste denda txikiago batzuetara bideratzen du bere gazta.
Argi dago ekoizle bakoitzak modu ezberdin batera ekiten diola Idiazabal gazta ekoizteari, eta jatorrizko izendapen bera izan arren, ezberdinak dira denak. "Altxa Txapela" lehiaketaren estreinaldian horren lekuko izango dira eta bakoitzak bere ekoizpen eta produktua nola defendatzen duen erakutsiko dute.