22:00etan
Euskal baratzeetako produktuak, gaur gauean, "Altxa Txapela" saioan
EITB Media
Laugarren atalean Gorka Irazabal, Amaia Odriozola, Gorka Igual eta Joana Tello lehiakideek euren ortuko ekoizpenak jarriko dituzte lehian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, Joseba Arguiñanok gidatzen duen "Altxa Txapela" lehiaketan ortuan aritzen diren lau ekoizle izango dituzte protagonista nagusi. Laugarren atalean baratzeek eskaintzen duten oparotasuna agerian geratuko da. Denetarik aurkeztuko dute parte-hartzaileek; oso gureak diren produktuak eta baita ekoizpen exotikoak ere.
Gorka Irazabal Goreko enpresako burua da. Gamiz-Fikan kokaturik, arerioak txunditzeko prest dator bere produktu ekologiko oparoekin. Erabateko ekintzailea da Gorka. Lur-eremu txiki batekin hasi zen, eta gaur egun jada sei hektarea ditu bere jabetzan.
Karabeleko enpresaren gerentea da Amaia Odriozola. Hernanitik dator bigarren lehiakidea. Kalitate goreneko produktuak eskaintzeaz gain, ortoterapia tratamenduekin lan egiten dute. Beraz, osasuna da haien aparteko arloa.
Hirugarren partehartzaileak, Gorka Igualek, gazteentzako eredu izan nahi du. Uztaldi Kooperatiba, enpresa mundura sartu nahi duten gazteentzako adibide on bat izan daitekeela sinetsita dago. 30 urte inguru besterik ez dute Gorkak eta bere bi bazkideek; lanarekin eta ilusioarekin edozer lortu daitekeenaren adibide bikaina.
Barrenetxe Kooperatiba bi eskualderen artean dago banaturik: zati bat Lea-Artibain eta beste zati bat Uribe Kostan. Bertako marketing zuzendaria da Joana Tello azkeneko lehiakidea. Udan aurrezki batzuk edukitzeko helburuarekin hasi zen lanean kooperatiban, eta ezustean bere ametsetako lana aurkitu zuen. Parte hartzen duten ekoizle guztien artean, bereak dira Eusko Label zigiludun produktuak.
Joseba Arguiñanok aurkeztuta, "Altxa Txapela" programako laugarren atala, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.