22:00etan
'Arimaren Margolariak' saioaren finalerdia, gaur gauean, Arabako Errioxan
EiTB
Lehiakideek obra kolektibo bat egingo dute: Guardiako hormetan mural bat sortuko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, 'Arimaren Margolariak' saioaren finalerdia Euskal Herriko kolore horixken artean egingo dute; Arabako Errioxako mahastien artean, hain zuzen. Samaniegoko upategi batean, ardoa ez ezik, Guido van Helten artista australiarraren mural bikaina ikusita inspirazioa eta motibazioa edango dute.
Ondoren, margolaritzaren munduan ezohikoa den zerbait egingo dute: obra kolektibo bat. Programan bertan, lehiakideek aurkeztutako mural baten zirriborrorik hoberena aukeratuko dute hiru coach-ek, eta, zirriborroaren egilea kapitain izendatuta, Guardiako horma berezietan mural bat sortuko dute. Ondoan, Nextgraff izeneko grafitiak egiten dituzten Nextor eta Aitor aita-semeak egongo dira, 3 dimentsioko grafiti bat egiten. Amaitu ostean, margolariek egindako murala aztertuko dute.
Talde-lan hori egin ostean, lehia bizia izango da berriro, mahastietara joko baitute, paisaia bat margotzeko. Koloreen inguruko ikasgaia jasoko dute bertan, Arantxa Orbegozoren eskutik, eta ikusitakoa eta ikasitakoa gauzatu beharko dute finalerako txartela lortzeko. Galerian erabakiko da nor geldituko den azken etaparen atarian.
'Arimaren Margolariak' asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.