Itxi

Literatura

Jon Arretxerekin solasaldia 'Arte[faktua]' saioan, 13:30ean

Leer en Castellano

Elkarrizketa Bilboko San Frantzisko auzoan egingo da, berak dioen bezala 'Afrika Txikian', bertan girotu baititu Touré detektibearen sagako bost eleberri.

Jon Arretxe, idazle basauriarra da aste honetako elkarrizketatu nagusia 'Arte[faktua]' literatura saioan. Elkarrizketa Bilboko San Frantzisko auzoan egingo da, berak dioen bezala 'Afrika Txikian', bertan girotu baititu Touré detektibearen sagako bost eleberri. Azken nobela beltza ordea, “Arrutiren banda” izenekoa,  Basaurin kokatu du, bere herriarekin zuen zorra kitatze aldera.

Jon Arretxe Filologian doktorea da, Gorputz Hezkuntzako ikasketak eginak ditu eta opera kantaria da. Bere liburuetan, batik bat nobela beltza eta bidaietan jasotako istorioak biltzen ditu. Egun, bidaiak alde batera utziak dauzka eta Arbizun bizi da, Sakana haranean.

Edu Arnaiz liburu saltzailea eta laguna gonbidatu du programara. San Frantzisko kalean bizi da eta haren etxean hartu zuen ostatu Arretxek 6 urtez Touré-ren liburuak idazteko. Horrez gain, operarako zaletasuna partekatzen dute.

Lander Eizagirre, Euskadi Irratiko esatari eta liburu irakurleak Paul Austeren Kristalezko hiriaren gomendioa egingo du eta Galdet[egian] Bertol Arrietak, Anjel Lertxundik eta Kattalin Minerrek euren gustuko liburuen berri emango dute.

Booktouber-aren atalean, Donostiako Amara Berriko Leire Gaztañaga ikasleak, Arrate Egañaren Klarisa ume desagertu baten kasua gomendatuko du berak grabatutako bideoan.

Asteko nobedadeek, liburu dendek aukeratutakoen aipamenek, pitxiek eta Jon Arretxeren epilogoak borobilduko dute saioa.

Hau guztia, 13:30ean, eitb.eus-en eta ETB1en.

Informazio gehiago (1)