Itxi

15:00etan

Beatriz Fernandez izango da, gaur, 'Artefaktua' saioan

A.E.|EiTB

Leer en Castellano

Berriki 'Euskara eta hizkuntzari buruz. Hizketan semearekin' liburua idatzi du.

Beatriz Fernández

Beatriz Fernandez Hizkuntzalaritzan doktorea eta EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakaslea da aste honetako elkarrizketatu nagusia 'Artefaktua' saioan.

Berriki, Euskara eta hizkuntzari buruz. Hizketan semearekin liburua idatzi du. Batxilergorako, Letrak eta Zientziak, bi ibilbideen artean erabaki behar duten gazteei zuzenduta dago liburua eta bereziki bere semeari. 2016an Euskera para castellanohablantes (o cómo dos lenguas tan distitntas se parecen tanto) liburua idatzi zuen. Guraso erdaldunen alaba, 2013az geroztik Euskaltzaindiko euskaltzain urgazlea da.

Beatriz Fernandez santurtziarra da, baina Algortako Portu Zaharrean bizi da, eta hantxe elkartu da 'Artefaktua' berarekin. Fernandezek Ane Berro Deustuko Unibertsitateko irakaslea gonbidatu du saiora. Aspaldian bera da Beatrizen testuak irakurtzen dituena. Testu zientifikoen kasuan, berriz, elkarrekin idazten dituzte 'lau eskutara'.

Asisko Urmeneta, Mikel Taberna eta Aingeru Epaltza idazle nafarrek euren liburu kuttunen berri emango dute saioan, eta Anttoni Eizagirre irakurle zarauztarrak bere gomendioa egingo du.

Pijama marradunaz jantzitako mutikoa liburua aukeratu du Ane Lopez Zuazo booktouberrak bere bideorako. Garoa, Elkar Katakrak eta Hitz liburu-dendek beste lau libururen aholkua egingo dute.

Beatriz Fernandezek literaturaz egiten duen hausnarketarekin amaituko da saioa.

Hori guztia, gaur, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (1)