Itxi

15:00etan

Eneko Bidegain idazlea, arratsaldean, 'Arte[faktua]' saioan

EITB

Bere 'Lurraldea eta herria' saiakera liburuaz arituko da Yolanda Mendiola aurkezlearekin.

Eneko Bidegain

Bere batasunaren zentzua galdu duen herria ote da Euskal Herria? Galdera horri erantzuna aurkitu nahi dion Lurraldea eta herria saiakera liburuaz arituko da larunbat honetako 'Arte[faktua]'n Eneko Bidegain (Baiona, 1975).  Euskal Herria herri batua izatetik herri zatitua bihurtu arteko mendez mendeko kronika egin du Bidegainek. Liburuan aztergai dira, baita ere, herriaren askatasun eta batasun egarria, eta gaur egungo egoera administratiboak sortzen duen haustura arriskua.

Komunikazio irakaslea da Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitatean. Kazetaritza lanetan ere ibilia da, Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n. Bi eleberri eta zenbait saiakera idatzi ditu, besteak beste.

Jon Garmendia Txuriya (Hernani, 1972)  gonbidatu du Bidegainek Hendaiako Abadia jauregian grabaturiko 'Arte[faktu]'ra. Bertsolaria, poeta, zutabegilea eta, batez ere, musika talde askoren abestietako letra sortzailea da Txuriya.

Irakurlearen tartean, Ixabel Albisuk Printze Txikia nobela labur klasikoa gomendatuko digu. Antoine Saint-Exuperyk modu ezin originalagoan lantzen ditu Printze Txikian bakardadea, adiskidetasuna eta maitasuna bezalako kontu unibertsalak.

Anjel Lertxundik, Hiromi Yoshidak eta Beatriz Fernandezek gustuko dituzten liburu, idazle eta pertsonai literarioak aurkeztuko dizkigute.

Edurne Koch, Chrysallis elkarteko kideak, berriz, kontatuko digu, besteak beste, egunotan eskuartean zein liburu duen, edo saiatu arren zein liburu klasiko ezin izan duen irakurri.

'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (1)