Itxi

Literatura

Pako Sudupe idazlea, 15:00an, 'Arte[faktua]' saioan

EITB

Leer en Castellano

Idatzi berri duen 'Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea' liburuaz arituko da.

Pako Sudupe

Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea liburuaz hitz egitera etorriko da, gaur, 'Arte[faktua]' saiora, Pako Sudupe (Azkoitia, 1959). Euskal politikak XX. mendean izan zuen pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa izan zen Telesforo Monzon bergararra (1904-1981). Pako Sudupek dio ez duela hagiografia bat egin nahi izan; alderantziz, kritiko aritu dela, zorrotz Monzonen bizitzaren hainbat pasartetan, idatzitakoa, beti ere, dokumentutan oinarrituz.

Gazterik EAJko bazkide egin eta buruzagietako bat izatera iritsi zen. Gerra Zibilaren garaiko Eusko Jaurlaritzan sailburu izan zen. Geroago, ETAko errefuxiatuekin harremanak egin, EAJtik urrundu, eta Herri Batasunako buruzagi karismatiko bihurtu zen.

Euskal Ikasketetan doktorea da Pako Sudupe eta urteak daramatza euskal kultura ikertzen eta ezagutzera ematen. Aurkeztu berri digun lanak Telesforo Monzonen ibilbidea eta haren garaia ezagutzeko ez ezik, gauden lekura nola iritsi garen ulertzen ere laguntzen du.

Idoia Arozena editorea gonbidatu du Pako Sudupek 'Arte[faktua]' saiora. Arozenak erabaki zuen,  Suduperen lana egitasmoa besterik ez zenean, Txertoa argitaletxean publikatzea. Liburu bihurtu baino lehen irakurtzen ditu idazleen lanak Idoia Arozenak, eta bere esku egoten da Txertoak inprimategira eraman ala ez.

Aste honetako Irakurlearen txokoan Maite Darcelesen Bihotzean daramagun mundua liburua gomendatuko digu Haizea Urkiola gidoigile donostiarrak.

Jon Abril kultur eragileak bere gustuko liburuen berri emango du Apalategia sailean. Eta Galdetegian, berriro zein liburu irakurriko luketen azaldu digute Uxue Alberdi, Danele Sarriugarte eta Eneko Bidegain idazleek.

Fernando Morillo idazlea eta booktuberrak Libanoko Taleb Nasim pentsalariaren Antihauskor liburuaz egin du bere booktubea. Nobedadeek, liburu-denden gomendioek, pitxiek eta epilogoak osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]' gaur emitituko da, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)