15:00etatik aurrera
Iban Zaldua, gaur, 'Arte[faktua]' saioan
EITB
'Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak' ipuin liburua hartuko du idazle donostiarrak hizpide.
Iban Zaldua idazle donostiarra izango da 'Arte[faktua]' saioko gonbidatu nagusia aste honetan. Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak ipuin liburuaren karietara hitz egiteko, Gasteizko Aihotz plazan egin dute hitzordua. Liburuan, tematika anitzeko 32 narrazio edo ipuin bildu ditu, askotan, errealitatea eta fikzioa nahastuz.
Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomiaren Historia irakasten du. Ipuin arloan nabarmentzen da eta Euskadi Literatura Sarietan hirutan izan da saritua. 2015ean, berriz, 'Best European Fiction' antologiarako bere hiru ipuin aukeratu zituzten. Euskaraz eta gaztelaniaz idazten du, eta literatura eta musika kritika ere lantzen ditu.
Bere gonbidatua Rikardo Arregi Diaz de Heredia poeta gasteiztarra da. Salamancan Psikologia eta Magisteritza ikasketak egin zituen Arregik eta Euskal Filologia Gasteizen. Egun irakaslea da. Bi poema liburu idatzi ditu eta biak Kritikaren Saria jasotakoak dira.
Bestalde, Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kirol kazetariak bere liburu eta egile kuttunen berri emango du Apalategia atalean. Irakurlearen tartean, berriz, Iruñeko Iñaki Justez Fernandezek Joseba Peña idazle zarauztarraren Hariak liburua zergatik gustatu zaion azalduko du.
Idahoko Boisetik jasotako Booktube-an, John Bieter eta Steve Mendibe euskara ikasleek Robert Laxalt idazlearen Dominique, artzain xuberotar bat Nevadan lanaz hitz egingo dute. Galdetegian, Elixabete Garmendia, Iñaki Martiarena eta Sonia Gonzalez gogoko dituzten liburuez mintzatuko dira.
Horrez gain, asteroko nobedadeek, pitxiek, liburu-denden gomendioek eta epilogoak osatuko dute saioa.
'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.