15:00etan
Aritz Branton, gaur, 'Arte[faktua]' saioan
EITB
Booktegi liburu elektronikoak doan eskaintzen dituen plataformako sortzailea da Aritz Branton.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Booktegi euskal liburu elektronikoak doan eskaintzen dituen plataformako sortzaileetarikoa den Aritz Branton izango da aste honetako gonbidatu nagusia 'Arte[faktua]' saioan. Donostiako Carlos Santamaria zentroan elkartuko dira berarekin, irakurketa eta sormena bultzatzeko asmoarekin sortutako Booktegi atariaz hitz egiteko.
Aritz Branton Erresuma Batukoa da eta 14 urte daramatza Euskal Herrian. Filologia eta Historia ikasi zituen, eta betidanik izan du hizkuntzekiko eta literaturarekiko interesa. Ogibidez itzultzailea da, 11 itzulpen enpresaren sortzaileetakoa, eta duela bi urte sortu zen Booktegiren kudeatzaile nagusia.
Leire Palacios kazetaria da horren gonbidatua. Basauriar hau Bizkaia Irratian 'Irakurrieran' euskaraz egiten den literatura saioko gidarietako bat da. Berria egunkarian jarduna da, eta Euskadi Irratian 'Sarean' saioa egiten du. Booktegi atarian, berriz, ElkarrizKateak atalean, gidari, gidoigile eta aurkezle lanak egin ditu Aritz Galarraga Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslearekin batera.
Esther Uria aktore eta unibertsitateko irakasle donostiarrak beteko du irakurlearen tartea. Oscar Wilde idazlearen De Profundis liburuaz hitz egingo du berak.
Galdetegian, Iñaki Martiarena marrazkigileak, Juanjo Olasagarre idazleak eta Aitor Arregi zinemagileak euren liburu kuttunen berri emango dute. Gauza bera egingo du Joxe Mari Apaolaza Euskadi Irratiko kirol kazetariak Apalategia izeneko tartean.
Iruñeko Ines Castiella euskaltzaleak Patxi Zabaletaren Harri Aroko Arima Izutua liburua hartu du gaitzat Booktuber-aren atalerako grabatutako bideoa egiteko.
Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek, liburu-denden gomendioek eta abarrek osatuko dute saioa.
'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.