Itxi

15:00etan

Mariasun Landa idazlea, gaur, 'Arte[faktua]' saioan

EITB

Leer en Castellano

'Txikiaren handitasuna literaturan' liburua plazaratu berri du eta bere ibilbidea errepasatuko du Yolanda Mendiolarekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskarazko haur eta gazte literaturan izen handienetakoa den Mariasun Landa idazlea da aste honetako 'Arte[faktua]'ko gonbidatu nagusia. Txikiaren handitasuna literaturan liburua plazaratu berri du. Urteetan zehar emandako hitzaldi, ponentzia, artikulu eta saiakera batzuk bildu ditu 22 testutan. Gogoetagai nagusiak feminismoa eta sexismoa, irakurketa literarioa, idazketa eta haur eta gazte literatura dira.

Errenteriarra 19 urterekin Parisera joan zen, eta han egin zituen Filosofia ikasketak. Handik bueltan, euskara ikasi eta Zarautzen hasi zen eskolak ematen. 1982an plazaratu zuen lehen ipuina. Geroztik, 40 bat idatzi eta sari ugari jaso ditu, eta bere obra 14 hizkuntzatara itzuli da. Jakiundeko kide da eta 25 urtez unibertsitatean irakasle lanetan aritu da.

Landak Asun Agiriano gonbidatu du. Agiriano Filosofian lizentziaduna da eta Bartzelonako UAB Unibertsitatean Haur eta Gazte Literaturako Masterra egin du. 1991z geroztik, Arrasateko Udal bibliotekan irakurketa sustatzen eta bibliotekari lanetan dihardu. Galtzagorri elkartearen sortzaileetakoa da eta Behinola aldizkariaren erredakzio-batzordeko kidea.

Irakurlearen tartean, Arantza Urkia Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuaren zuzendariak Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako liburuaren aipamena egingo du. Hain zuzen ere, aurten bete dira 50 urte liburua argitaratu zela.

Galdetegia-n Juan Kruz Igerabide, Eneko Bidegain eta Gotzon Hermosilla idazleek beren liburu kuttunen berri emango dute. Gauza bera egingo du Joseina Etxeberria Euskadi Irratiko esatariak Apalategia izeneko tartean.

Oiartzungo Elizalde Eskolako Malen, Ariane eta Nahia ikasleek Asun Balzolaren Indiana Jonesen zamarra liburua gaitzat hartuta egingo dute aste honetako booktubea.

'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)