Literatura
Miel A. Elustondo kazetari eta idazlea, 13:30ean, 'Arte[faktua]' saioan
EiTB
Elurre Iriarte Baztango (H)ilbeltza bekaren eragile eta elkarteko eta irakurle taldeko kidea izango dute saioan gonbidatu.
Miel A. Elustondo kazetari, elkarrizketatzaile eta idazlea izango da aste honetako gonbidatu nagusia 'Arte[faktua]' saioan. Nafarroako Lekaroz herrian egin dute grabazioa, inguru hartan kokatzen baita (H)ilbeltza beka irabazi ondoren idatzitako Kezko bola batek itoak birikak nobela beltza. Azpeitiarrak Baztango mintzairan idatzi du liburua.
Elustondo nobela beltzen zalea da, eta genero hori idazten duen Jim Thomson-en hiru lan itzuli ditu euskarara. Horrez gain, argazkilaria ere bada, eta Zaldi Ero izenez da ezaguna diziplina horretan. Mr. Basque eta Zozoen Elean liburuen egilea ere bada, eta Berria egunkarian eta Argia aldizkarian idazten du.
Elurre Iriarte Baztango (H)ilbeltza bekaren eragile eta elkarteko eta irakurle taldeko kide eta arima da Elustondoren gonbidatua. Iriarte arizkundarra da. Bi liburu ditu idatziak: Kirika FM eta Landa eremua (eta Baztan) literaturak kontatua. Bestalde, hainbat herri ekinalditan murgilduta dabil: berdintasunaren alde Baztango mutil dantzetan, proiektu urbanistikoaren kontra Aroztegian, eta Arizkunen kultur taldea eratzeko lanetan.
Irakurlearen atalean, Eider Saez lazkaotarra Robin Sharmaren El monje que vendió su Ferrari liburuaz arituko da. Galdetegian, euren liburu kuttunen berri emango dute Martin Etxeberriak, Elixabete Garmendiak eta Juan Martin Elexpuruk. Juan Inazio Hartsuaga idazle eta antropologo tolosarra izango da aste honetako Apalategia ataleko protagonista.
Booktuberren tartean, Maialen Lagos Armentia Ikastolako ikasleak Karmele Jaioren Amaren eskuak liburua hautatu du bere bideorako.
Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek eta gonbidatu nagusiaren epilogoak osatuko dute saioa.
'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 13:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.