Itxi

Literatura

Kattalin Miner elkarrizketatuko dute, gaur, 'Arte[faktua]' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Hernanin bildu dira berarekin 'Moio. Gordetzea ezinezkoa zen' saiakeraz hitz egiteko.

Yolanda Mendiola 'Arte[faktua]'ren aurkezle eta zuzendaria. Argazkia: EiTB.

Kattalin Miner idazle hernaniarra da 'Arte[faktua]' literatur saioko aste honetako gonbidatu nagusia. Hernanin, bere sorterrian elkartu dira berarekin, Elkar argitaletxearen eskutik plazaratutako saiakeraz hitz egiteko: Moio. Gordetzea ezinezkoa zen. 2018. urtean Tene Mujika beka irabazi izanaren ondorioa da kazetaritza liburu hau.

Aimar Elosegi Ansa Moio Hernaniko gazte transexuala lagun mina zuen Kattalin Minerrek. 12 urte pasatu dira hark bere buruaz beste egin zuenetik. Suizidioa eta transexualitatea, gure gizartea durduzatzen duten bi tabu elkartu ziren heriotza hartan.

Hainbat elkarrizketa egin eta Aimarren bizitza eta heriotzaren erretratu eta memoria osatzeaz gain, pertsona transexualek gainditu beharreko oztopoak marraztu ditu Minerrek saiakera honetan, gure gizartearen transfobia aitortuak zein aitortu gabeak aztertuz.

Ixiar Pagoaga gonbidatu du Kattalin Minerrek 'Arte[faktua]'-ra. Ikastolako irakasle izan zuen, eta mugimendu feministan elkarrekin lan egindakoak dira. Minerren hitzetan, liburu hau existitzearen arrazoietako bat izan da Pagoaga.

Fito Rodriguez euskal idazle eta EHUko irakaslea izango dugu aste honetako Artefaktu[egilea] ataleko protagonista.

Irakurlea-ren tartean, berriz, Nekane Idarretak Annie Ernaix idazlearen Emakume bat liburuaren gomendioa egingo du.

Bestalde, Galdetegia-n, Iñigo Astiz, Alaine Agirre eta Ana Urkiza idazleek literaturaren inguruko galdera bana erantzungo digute.

Azkenik, aste honetako Booktuber-en atalean, Aiora Fernandez Agirregabiria HH-ko irakasleak Uxue Alberdiren Jenisjoplin liburuaren aipamena egingo digu.

Horrek guztiak eta asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hori guztia, gaur, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai.

Informazio gehiago (2)