Kargatzen...
Itxi

Literatura

Amets Arzallus, 15:00etan, 'Arte[faktua]' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Argitaratu berri duen 'Miñan' liburuaz arituko da bertsolari eta kazetaria.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Amets Arzallus bertsolari eta kazetaria izango dute aste honetan 'Arte[faktua]' literatur saioko gonbidatu nagusi. Senpereko Larretxea etxean elkartu dira berarekin, Susa argitaletxearekin kaleratutako liburuaz solastatzeko: Miñan. Ibrahima Balde gazte ginearrak anaia txikiaren bila Europara egindako bidea kontatzen du bertan. Bere bizitzaren kronika bat da, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia.

Kazetaritzan lizentziatu zen Arzallus, Leioan, EHUn, nahiz eta ikasketak Baionan hasi zituen. Bere esanetan, desberdina da alde batean edo bestean ikastea. Hegoaldera ikastera jo zuenean, desengainua hartu omen zuen, bai unibertsitatearekin, bai han ikasitakoarekin. Bere ustetan, Baionako Seaskan askoz ere zorroztasun, lan eta interes handiagoa zegoen. Kazetari moduan, Euskaldunon Egunkarian hasi zen bekadun, eta, ondoren, Euskadi Irratian eta Argia aldizkarian jardun izan du kolaboratzaile. Bertsolaritzan, berriz, hainbat sari irabazi ditu urte hauetan guztietan.

Ortzi Idoate bertsolaria gonbidatu du Arzallusek elkarrizketara. Aspalditik, ikastola garaitik ezagutzen dute elkar. Garai haietaz eta bertsolaritza munduko bien hasieraz hitz egingo digute saioan. Idoate helduagoa da, eta, txikitatik, Arzallus bertsolari gisa ikusten zutela dio. Berak eta bere ingurukoek, berriz, bertsolaritza ondo pasatzeko erabiltzen omen zuten.

Aste honetako Apalat[egia] tartean, Zigor Iturrieta ETB1eko Txoriene saioko aurkezlea izango dute protagonista.

Bestalde, irakurlearen tartean, Lasarteko Orbela Ekodendako Arantxa Otaegik El lector del tren de las 6.27 liburuaren gomendioa egingo digu.  

Aste honetako Galdetegian, berriz, Aritz Galarragak, Pako Aristik eta Katixa Agirrek, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Gainera, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Ellande Agerre-Etchemendyk eta Eneko Ustaritzek Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa liburua gomendatuko digute Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)