Literatura
Laura Uruburu idazlea, 15:00etan, "Arte[faktua]" saioan
EiTB
'Katigatu ninduzun librea nintzena' eleberria aurkeztuko du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Laura Uruburu idazle eta filologo bizkaitarra da aste honetako "Arte[faktua]" saioko gonbidatu nagusia. Gernikan, bere sorterrian, elkartu dira, Labayru Fundazioaren eskutik argitaratutako eleberriaz hitz egiteko: Katigatu ninduzun librea nintzena. Zoritxar bat bizi izan duen emakume bat da protagonista. Eleberrian zehar, orain arte baztertuak izan diren emakumeen ahotsa, desira eta plazera islatu nahi izan ditu, haien ahalduntzea helburu hartuta.
Egun, Gernikako Berritzeguneko zuzendaria da Uruburu. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kudeatuta, ikastetxeetako irakasleentzat aholkularitza, berrikuntza eta prestakuntza eskaintzen du Berritzeguneak. Idaztea bere denbora librean egiten duen ariketa da, nahiz eta nahi bezain beste egiten ez duen. Bere hitzetan, ikasle ona izan zen Uruburu. Irakasle izandakoa ere bada. Besteak beste, Onintza Enbeita bertsolaria izan zuen ikasle bezala.
Horrexegatik gonbidatu du Onintza elkarrizketara. Uruburu irakaskuntzan hasi berria zen bertsolari muxikarraren andereño izan zenean. Urte haietaz oroitzapen oso onak dituela esan digu Enbeitak. Hiru urtetatik zortzi urtetara egon zen berarekin. Inguruko eskolek zituzten pedagogia metodoekin alderatuz, beraiek beste planeta batean omen zeuden. Bere esanetan, askoz ere libreago ziren.
Bea Salaberri baxenabartar idazlea izango dute aste honetako Artefaktu[egilea] ataleko protagonista. Bestalde, irakurlearen atalean, Lasarteko Orbela Ekodendako Pilar Garcíak Michael Brownen El proceso de la presencia liburuaren gomendioa egingo du.
Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Goiatz Labandibar, Fito Rodriguez eta Amagoia Gurrutxagak, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.
Gainera, Gasteizko Armentia Ikastolako Irati Kosorok Bat, bi Manchester liburua gomendatuko du Booktuber atalean.
Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.
"Arte[faktua]" gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.