13:00etan
Joanes Urkixo idazle, gidoigile eta itzultzailea, gaur, "Arte[faktua]"n
EITB Media
'Orratza eta kaltea' liburuaz arituko da Yolanda Mendiolarekin.
Joanes Urkixo idazle, gidoigile eta itzultzaile bilbotarra elkarrizketatuko du Yolanda Mendiolak aste honetako "Arte[faktua]" saioan. Orratza eta kaltea (Elkar argitaletxea) da kaleratu duen azken liburua. 1983ko Ondarroan kokatutako eleberri beltza da, heroinak erabat jazarritako herri baten testuinguruan. Nobelak gidoi bat izan zuen abiapuntu, eta herriko txokoak arakatu nahiz bertako biztanleak elkarrizketatu zituen Urkixok kontakizuna sortzeko. Galdakaoko Erdikoetxe landetxean elkartuko da Yolanda berarekin.
Aste honetan, Letrazko pertsonaiak erreportajeaz gozatzeko aukera eskainiko du saioak. Eider Rodriguez eta Gorka Arrese idazleekin honako galderei erantzuten saiatuko dira: literaturan pertsonaiak nola eraikitzen diren, zein bide har dezaketen edota nola, batzuetan, giltzatuta gelditzen zaizkien.
Bestalde, Laida Begiristain Lazkaoko Maizpide barnetegi-euskaltegiko zuzendariaren apalategia ezagutuko du programak.
Horretaz gain, Elgoibarko kaleetan ibiliko da saioa bertakoen irakurketa ohiturak ezagutzeko asmotan.
Hau guztia, saioa osatzen duten Galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioekin batera, gaur, 13:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.